«Zabortegi eta errauste plantak kentzen joatearen alde egiten dugu, hondakinak tratatzeko modu ekologikoak lehenetsiz. Birzikla daitezkeen edo konpost bihur daitezkeen hondakinak ez errausteko eskatzen dugu». Europako Parlamentuaren Ingurumen Batzordeak joan den asteazkenean onartutako txosten batean jasotako esana da, eta Gipuzkoa Zero Zabor plataformak adierazi du bere egiten duela baieztapen hori. Europako Parlamentuari kasu egiteko eta hondakinak kudeatzeko bestelako eredu baten alde egiteko eskatu du elkarteak.
Gipuzkoako hainbat herritan sortu dira batere zaborrik ez sortzeko filosofiaren aldeko taldeak. Agerraldi bat egin zuten atzo Donostiako Ondarreta hondartzan, talde guztiak aurkezteko. 34 talde elkartu ziren; Arrasate, Tolosa, Eibar, Hernani eta Azpeitikoak, besteak beste. Gipuzkoa «bidegurutzean» dagoela eta, horixe bera irudikatu zuten: zabortegietara eta errauste plantetara zeraman bide bat eta hondakinen gaikako bilketara zeraman beste bat. Talde guztietako ordezkariek gaikako bilketaren bidetik jo zuten, beren herriaren izena itsatsi zuten horma batean, eta zaborrik ez sortzeko politiken aldeko pankarta baten atzean batu ziren.
Segurako taldeko Julen Legorburuk eta Zumarragako eta Urretxuko taldeko Miren Arboniesek egin zituzten adierazpenak. Zubietan errauste planta eraikitzearen aurkakoa da Legorburu: «Hamarkadak beharko dira inbertitutako milioika euroak ordaintzeko». Legorbururen esanetan, errauste planta lanean aritzeko, zabor gehiago sortu beharko litzateke, murriztu beharrean: «Gure hondakinak zabor toxiko bihurtzeak ez du arazoa konpontzen, larriagotu baizik». Gainera, Legorburuk iritzi dio zabortegiak beharko liratekeela zaborra erretzeak sortuko lituzkeen 100.000 tona zabor biltzeko.
«Arrazionalitatearen eta konponbidearen bidea» proposatu dute taldeek: «Batere zaborrik ez sortzeko politiketan munduan zehar aplikatzen diren neurriak gurera ekarri behar ditugu. Hondakinetatik arazoak sortzeari utzi eta aukerak sortu behar ditugu». Areago, elkarteek uste dute «sektore ekonomiko oso bat» eraiki daitekeela materialak berrerabiltzearen eta birziklatzearen inguruan eta lanpostu «mordoa» sor daitekeela: «Ez da gutxiesteko gauza krisi garaiotan».
Europako topaketak
Gogorarazi dute Europako Zero Zabor mugimenduak jardunaldiak antolatuko dituela Donostian maiatzaren 11tik 13ra bitartean. «Hemen sortzen ari den aukera gertutik segitzeko» aukeratu dute Gipuzkoa topaketak egiteko, elkarteen arabera. Jakinarazi dutenez, jardunaldietan zehar Zero Waste Europe sarean sartuko da Gipuzkoa Zero Zabor plataforma.
Eskatu dute zabortegiak eta errauste plantak baztertzeko
Europako Parlamentuak hondakinen kudeaketaz onartutako agiriari kasu egitea nahi du Gipuzkoa Zero Zabor plataformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu