Irailak 19
Abiatu da
Ezker abertzaleko oinarriek eta zuzendaritzak eskatutako bidean beste pauso bat eman du ETAk, bigarren agiriarekin. Su-etena berretsiz eta Bruselako Adierazpenaren sinatzaileekin biltzeko prestasuna agertuz, Batasunak markatutako ibilbide orrian barrena abiatu da, hautu horren atzeraezintasunaz ezer adierazi ez duen arren. Baina norabide horretan abiatzea zen garrantzitsua, eta abiatu da.
Irailak 20
Beste bideak
Batzuk bide politiko hutsen aldeko urratsak egiten ari diren bitartean, beste batzuek indarkeria helburu politikoekin baliatzen jarraitzen dute, Ekin-eko kide direlakoan atxilotu zituzten bederatzi lagunen espetxeratzeak etatortura salaketek erakusten dutenez. Suarekin jokatzen ari dira.
Irailak 21
Dena berdin
Behin baino gehiagotan adierazi dute PSOEko kideek hemen ez dela ezer aldatu. Candido Conde Pumpidok bota du azken alea: «Berrikuntzarik ez dagoela da berrikuntza bakarra». Bizkartzainen babesarekin bizi behar izan dutenek ETAren lehen agiriarekin arnasa lasaiago hartu ez balute bezala. Atentatuak egitea, eta ez egitea, berdin balitz bezala.
Irailak 22
Hirugarrenean
Urriaren 2ko manifestazioko deitzaileen argazkia ikusi, adierazpenak entzun, eta pentsatzen duzu Espainiako Auzitegi Nazionalak ezingo duela debekatu. Baina Iñaki Zarraoak, Sabin Intxaurragak eta abarrek egindako deialdia debekatu zutela gogoratu eta, eskubide urraketei dagokionez, salbuespen auzitegi honekin dena posible dela jabetzen zara. Baina, debekuz debeku, eskubide urraketen aurkako manifestazioari are zentzu handiagoa eman besterik ez dute egin fiskalaren eskaerek eta epaileen erabakiek; eta bat egiteko beste aukera bat eman diete, aurreko bi deialdiekin bat egin ez zutenei eta debeku haiek probokaziotzat jo zituztenei.
Irailak 23
Estatutua aldarri
«Ongi-etorria eman nahi diet Estatutuaren defentsara itzuli direnei. Albiste ona da guztiontzat. Bihotz-bihotzez esaten dut». Patxi Lopezen hitzak dira, Eusko Legebiltzarrean esanak, lan politika aktiboen transferentziari buruzko akordioa dela eta.
EAJk sartu dion golari eta jokoz kanpo gelditu izanari nolabait erantzun behar, eta EAJren aspaldiko norabide aldaketa nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Eta arrazoi du. Lekutan gelditu baitira Ibarretxeren gobernuak eskumen guztiak bere kabuz hartuko zituela ohartarazi zuenetik, Gizarte Segurantzaren eskumena barne, eta Estatutu Berriaren eta Galdeketaren Legearen bidez esparru politikoa errotik aldatzeko saioa egin zutenetik. 472 milioi euroko eskumena ez da gutxiestekoa, baina Gizarte Segurantza negoziazio mahaitik kanpo utzi izana ere ez.
Lan arloko transferentzia aurrebaldintza zela ohartarazi du, dena den, EAJk, eta Rodriguez Zapateroren aurrekontuei babesa ematea ez dagoela oraindik bermatua, negoziazioa hasi besterik ez dela egin.
Markel Olanok esana da negoziazio horretan sartu beharrekoa litzatekeela Alderdien Legearen auzia ere, eta Joseba Egibarrek Eusko Legebiltzarreko plenoan esan du, beste azalpenik gabe, «baketzea eta normalizazioa» aurrekontuen negoziazioaren mahaian daudela.
Espainiako Kongresuko aritmetikek EAJri Espainiako Gobernuarengan eragiteko gaitasuna ematen diotelarik, ez litzateke albiste txarra gaitasun hori Olanok eta Egibarrek iradokitako norabidean ere baliatuko balu. Baina dagoeneko ikasi dugu, EAJren buruzagitzaren benetako politika zein den jakiteko, norenadierazpenei jarri behar zaien arreta.
Itzala
Brian Currinek idatzi labur bat plazaratu du, Bruselako Adierazpenaren sinatzaileek ETAren agiria aztertuko dutela eta erantzun ere egingo diotela jakinarazteko. Oraingoz, ez dago besterik: ETAren biltzeko prestasuna, eta nazioartekoen erantzuteko borondatea. Baina aurreko prozesuetako esperientziak erakusten digu publikoki hori aitortzera iritsi badira, litekeena dela azpitik gehiago zehaztera iritsi izana. El Pais-ek gehiago dakiela ematen du, ETAk zehazki norekin bildu nahi omen duen argitaratu baitu: Frederik de Klerk, Desmond Tutu, Mary Robinson eta John Hume, hain zuzen ere. Ez dira edozein. Euskal gatazkaren korapilo politikoa nekez askatuko dute Hego Afrikatik eta Irlandatik etorrita, baina, Adierazpena sinatzera mugatu gabe areago engaiatzeko prest baldin badaude, ETAn ez ezik Espainiako Gobernuarengan ere eragina izateko moduan dauden pertsona garrantzitsuak dira.
Paperezko bloga
Eskatutako bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu