Gerra galdu ostean, erbesteko Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Alderdi Jeltzaleak informatzaile sare indartsua eratu zuten Europan eta Latinoamerikako zenbait herrialdetan, mendebaldeko herrialde nagusien mesedetan lan egin zuena —bereziki, Ameriketako Estatu Batuen (AEB), Erresuma Batuaren eta Frantziaren mesedetan—; nazi eta faxisten kontrako borrokan lehenbizi, komunismoaren nazioarteko hedatzeari galga jartzeko geroago. Bi xedek bultzatu zituen horretara: alde batetik, arrazoi ideologikoak zeuden tarteko, agerikoa baitzen jeltzaleen eta mendebaldeko herrialdeen arteko sintonia politiko eta ideologikoa. Baina, beste aldetik, garai hartako euskal nazionalisten agiri eta adierazpenetan argi gelditzen den moduan, zerbitzu horren truke zerbait jasotzea espero zuen Jaurlaritzak: mendebaldeko gobernuen laguntza Francoren diktadura nazioartean bakartu eta horri akabera emateko.
Laguntza hori ez zen inoiz iritsi. Gerra Hotzaren abagunean, mundua bi bloke antagonikotan banaturik eta komunismoaren kontrako borrokak lehentasun erabatekoa eskuratuta, Europako faxismoaren azken ordezkaria izatetik komunismoaren kontrako gotorleku eta aliatu zintzo izatera pasatu zen Francoren Espainia. Apurka-apurka, murrizketa ekonomikoak, bakartze diplomatikoa eta arbuio politikoa banan-banan erori ziren. Eta euskal nazionalistak etsita, zapuztuta eta are traizionatuta ere sentitu ziren. Baina kolaborazioak jarraitu egin zuen.
Biktima ala gaizkide? Nazioarteko abaguneak kalte egin edo Gerra Hotzean buru-belarri aritu zen eragile aktibo izan ziren garai hartako nazionalistak? Galdera horri erantzuten saiatu da Jose Felix Azurmendi kazetaria (Durango, Bizkaia, 1941) bere azken liburuan, Vascos en la Guerra Fría. ¿Víctimas o cómplices? (Euskaldunak Gerra Hotzean. Biktimak edo konplizeak?).
Eusko Jaurlaritzak gerra garaian abian jarri zituen Informazio eta Propagandarako Euskal Zerbitzuak, gerrari lotutako zereginekin: armak eskuratu eta Euskal Herrira ekartzea, etsaiak zelatatzea eta abar. Gerra galdutakoan, zereginak aldatu ziren, egoera berrira moldatuta. Baina 1941ean Agirre lehendakariak AEBetara bidaiatu zuenean, eta, han izandako harremanen ondorioz, gorpuztuz joan zen zerbitzu horiek aliatuentzat lanean jartzeko aukera.
Mitxelena eta Irala
Zerbitzuen arduradun nagusia Pepe Mitxelena izan zen. "Ezagutu zuten guztiek diote gizon aparta izan zela", azaldu du Azurmendik. "Oraindik ere, gauza gutxi dakigu hari buruz. Beste lan askoren artean, agiri guztiak artxibatu eta mikrofilmetan gordetzen zituen, baina dokumentazio hori guztia ez da orain arte agertu".
Sarearen arduraduna izan zen Mitxelena, baina horren ideologotzat Anton Irala jo daiteke, Azurmendiren aburuz. "Irala, [Ramon] Sotarekin batera, Agirre baino lehen iritsi zen AEBetara. New Yorkera joandako ordezkaritzaren idazkaria zen, eta hark hasi zituen OSS [Zerbitzu Estrategikoen Bulegoa, CIAren aurrekaria] eta Estatu Departamentuarekin harremanak. Nahiko goiz lortu zuen bertako nazionalitatea ere. Guztiz sinetsita zegoen amerikarren interesak euskaldunen interesak zirela. Familiakoek ezetz esan arren, nik uste dut AEBetako Estatu Departamentuarentzat lan egin zuela hil arte. Komunismoaren arriskuaz asko teorizatu zuen, Bat bitan banatzen da liburuan, esaterako. Erresistentziaren kontra ere azaldu zen, pentsatzen zuelako Franco boteretik botatzea komunistak boterean jartzea zela".
Aliatuekin kolaboratzeko asmo horretan bazegoen itxaropena mendebaldeko potentziek ordainetan Francoren diktadura eraisten lagunduko zutela. "Uste hori nahiko arrazoizkoa zen", dio Azurmendik. "Izan ere, gerra irabazi ondoren, nola utziko zuten aliatuek Hitlerren kolaboratzaile izan zen erregimen batek boterean jarraitzea?". Baina garai hartako nazionalistek ez zuten kontuan hartu nazioarteko egoera berrian bi blokeen arteko lehia nagusituko zela eta komunismoaren kontrako borrokak erabateko lehentasuna izango zuela.
1953an, AEBek eta Espainiak base militarren inguruko ituna sinatu zutenean, esperantza guztiak desegin ziren. "Baina, hala ere, Agirrek ez zuen amore eman", dio Azurmendik, "eta saiatu zen harreman horiek nola edo hala mantentzen".
Bi urte geroago, Nazio Batuen Erakundeak Espainia kide gisa onartu zuen, eta, 1959an, Ike Eisenhowerrek eta Francok besarkada beroa eman zioten elkarri, AEBetako presidenteak Espainian egindako bisitaldian. Garaitsu hartan eman zuen Agirre lehendakariak amaitutzat Euskal Zerbitzuen jarduera. Urtebete geroago hil zen Agirre, 1960ko martxoaren 22an.
Baina sarea desegin zen arren, informatzaile batzuek lan horretan jarraitu zuten, 1980ko hamarkadara arte zenbait kasutan. "Batzuk hortik bizi ziren", dio Azurmendik, "eta harreman hori mantendu zuten, CIAkoen eta gainerakoen unean uneko interesaren arabera, horiek ez baitzuten beti interes bera izan".
Gutxi batzuk baino ez ziren izan, eta, horien artean, baten batek "nahiko bilakaera lotsagarria" izan zuen. Azurmendik Andoni Astigarragaren kasua nabarmendu du, urte askoan Jaurlaritzaren eta EAJren ordezkaria izana Argentinan, eta CEVA Ameriketako Euskal Elkarteen Konfederazioko presidentea: "Lehendik ere bazeuden susmoak Astigarragaren inguruan, baina, duela gutxi, agiri batzuk desklasifikatu direnean, haren izena agertu da Argentinako armadako pertsonal zibilaren zerrenda batean diktaduraren garaian".
Galdera batetik abiatzen da liburua. Informazio guztia bildu ostean, erantzuna topatu al du Azurmendik? Gaizkide edo biktima izan ziren Gerra Hotzaren garaiko abertzale haiek? Gauza gehienetan bezala, erantzuna konplexua da: "Seguru asko, konplize eta biktima izan ziren aldi berean. Amerikarren diruari esker, Jaurlaritza mantendu ahal izan zen, aldizkariak atera zituzten eta abar, baina argi dago hutsak ere egin zituztela. Balorazio orokor bat eman beharrean, nik uste dut gauzak testuinguruan aztertu behar direla, ñabardura eta xehetasun guztiekin".