Joan zen asteko emaitzak gogoan, festa giroan ospatu du EAJk Alderdi Eguna. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan nagusitasuna berretsi zuten jeltzaleek 28 eserleku eskuratuta, eta eskerrak eman dizkiete gaur hori lortzeko botoa eman zieten herritarrei, Forondan ospatu duten Alderdi Egunean.
Akordioak egiteko aukerak zabalik daudela azaldu die Andoni Ortuzar EBBko buruak militanteei, ez dietela aterik ixten inori. Itxi ez, baina batzuk zabalxeago dituztela ere esan du: "Bereziki aurrera egin nahi dutenek eta Euskadi nazio bezala onartua izatea nahi dutenek". Hain justu, "herri gisako akordio handiak" egin nahi dituztela esan du, "eguneroko gobernagarritasunetik harago doazenak". Erabakitzeko eskubidea ere defendatu du: "Erabili dezagun demokrazia; demokrazia eta erabakitzeko eskubidea".
Espainiarekin alderaketa eginez, Jaurlaritzak datozen lau urteetarako egonkortasuna bermatu behar duela azpimarratu du Urkulluk: "Euskadi nazio bezala hazteko utopia egikaritu" behar dela azpimarratu du, eta datozen lau urteetarako osatu behar duten gobernuak "egonkortasuna" eman behar diola "Euskadiri, Espainiako desegonkortasunaren aurrean".