euskal herria

Eskola garraioko begiraleek greba mugagabea hasi dute

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 287 ikastetxe publikotan izango du eragina ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deitutako protestak. Jaurlaritzak biltzeko deia egin die administrazioak kontratatutako enpresei.

Garraioko eta jolastokietako begiraleen protesta. M. R., ARP
2014ko urtarrilaren 27a
15:44
Entzun

Azkeneko bi asteetan bost greba egun izan dituzte ikastetxe publikoetan neska-mutikoak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleek. Bi asteotan langileen ordezkarien eta enpresen artean ez da harremanik egon. Eta akordiorik lortu gabe, greba mugagabeari ekin diote gaur langileek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 287 ikastetxetako neska-mutikoen familiatan izango du eragina grebak.

Asteotako greba egunen balantze ona egin du ELAko ordezkari Lucia Puertasek: "Gero eta begirale gehiagok bat egin dute grebarekin, eta balorazioa oso positiboa da". Sektoreko lau sindikatuek bat egin dute grebarekin: ELAk (ordezkarien %44,4 ditu), LABek (%24,4), CCOOk (%20) eta UGTk (%11,1). Sektoreko langileen %99 emakumezkoak dira. "Iruditzen zaigu eskatzen ari garena ez dela munduko beste ezer: 2008-2009ko ikasturtetik blokeatuta dagoen lan hitzarmenaren negoziazioa", azaldu du Puertasek. Ordutik langileek soldata izoztuta daukate, eta orduko soldatatik hona %6 inguruko igoera eskatzen dute sindikatuek. Halaber, lan hitzarmena "gotortzeko" eskatzen dute, Espainiako lan erreformaren aurrean.

Jantokietako langileek, berriz, 2011n sinatu zuten lan hitzarmena, eta antzeko akordioa eskatzen ari dira eskola garraioko eta jolastokietako begiraleak. "Jantokietan ere lau urte daramatzate soldata izoztuarekin. Horrenbestez, ez gara hemen urrea eskatzen ari. Eskatzen duguna justua da", gaineratu du ELAko kideak.

Langileen ordezkariek adierazi dute ez daudela jarrera itxiarekin. "Arazoa da enpresek ez dutela negoziazioaz ezer jakin nahi", esan du Puertasek. "Bidean utzi duguna baino gehiago ezin dugu utzi".

Autobusetako begiraleak derrigortuta daude sakelako telefonoa izatera. "Haur baten bila joan ez badira, begiraleak gurasoei deitu behar die". Guraso guztien telefono zenbakiak izan behar ditu begiraleak. Lan ordutik kanpo haurrarekin egon behar duen denbora, gainera, ez dio inork ordaintzen langileari. Sindikatuen beste eskaera bat ordutegi malgutasuna da, baina Puertasek aitortu du sektorean hori "ia ezinezkoa" dela, lanaldi "zatituak" baitituzte.

Bestalde, Puertasek azaldu duenez, urtez urte Jaurlaritzak enpresei emandako dirua handitu egin da. "Ez dakit gutxi ala asko igo den diru hori, baina langileongan ez du batere eraginik izan. Harpa jotze bat dela iruditzen zaigu".

Guraso asko eta asko haserre daude egoerarekin. ELAko ordezkariak barkamena eman nahi die publikoki gurasoei. "Halako greba mugagabe batean, gurasoek eta familiek denbora asko galduko dute. Kaltea oso handia da". Bizkaiko 137 eskolatan, Gipuzkoako 102tan eta Arabako 48tan izango du eragina grebak. 24.500 ikaslek baino gehiagok erabiltzen dute egunero autobusetako zerbitzua.

Lan hitzarmen berria 2014-2015eko ikasturterako eskatu dute sindikatuek. Eta enpresak negoziatzera esertzen diren arte, langileek greba mugagabeari "tinko" eutsiko diote.

Jaurlaritza, konponbide bila

Eusko Jaurlaritzak ostiralean alde biak negoziaziorako eseri eta akordio bat "albait arinen lortzeko beharra" nabarmendu zuen. "Grebak milaka familiari eragin dion kalteak nahiko arrazoi izan behar du alde biak mahai bakarrean eseri eta egoera bideratzen has daitezen". Gaurko, biltzeko deia egin die Jaurlaritzak zerbitzua eskaintzeko administrazioak kontratatuta dauzkan enpresetako ordezkariei.

Jaurlaritzak esan du gatazka konpontzea ahalbidetuko duten bideen bila jarraituko duela, "nahiz eta hori langileen ordezkarien eta enpresen arteko borondateak besterik ez duen lortuko".

Bigarren Hezkuntzako ikasleek laguntzailerik gabe eskola garraioa erabil dezaketela gogorarazi du Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. "Ez, berriz, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.