Zubiak Eraikiz Plataformak azken tramitea bete du, gaur goizean, eskola inklusiboaren herri ekinbide legegileari babesa jasotzen hasteko. Maiatzaren azken egunera arteko epea du elkarteak 10.000 sinadura biltzeko. Hori lortuz gero, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak eztabaidatuko du ea aintzat hartzen duen. Hala bada, legebiltzar taldeek aukera izango dute aurkeztutako lege proposamenean zuzenketak egiteko.
Herri ekinbide legegilearen eskari nagusiak honakoak dira, besteak beste: doako hezkuntza eskaintzea, kuotarik gabea; matrikulazio prozesua bateratzea, “gehiegikeriak saihesteko”; eragin eremu berdinak ezartzea ikastetxe publiko eta itunpekoei; diskriminazio positiboa “biztanleria kaltetu gehien” duten ikastetxeekin…
Gaur bertan hasi dute sinadura bilketa. Herri ekinbide legegileen araudia aldatu zenetik lehena da, eta sustatzailek azaldu dute horrek “zehaztugabetasuna” eragin diela. Araudi berria jarraiki, ekinbidea babestu nahi duten pertsonek paperean zein internet bidez sinatzeko aukera izango dute.