Hezkuntza

Eskola Kontseiluak postu publiko gehiago eskatu dizkio Zelaari

Hezkuntza arlo «estrategikoa» dela eta, Jaurlaritzari gomendatu dio finantzaketa «sendotzea eta, ahal dela, igotzea»Hizkuntzak ikasketetarako euskarri gisa duen egitekoari buruzko ikerketa eskatu du

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki batzuetan hezkuntza sistema publikoaren eskaintza urria edo hutsa dela ohartarazi du Euskadiko Eskola Kontseiluak. 2008 eta 2010 bitartean EAEko hezkuntzaren egoerari buruz egindako txostena aurkeztu zuen atzo Bilbon Maria Luisa Garcia Gurrutxaga presidenteak, eta Isabel Zelaak gidatzen duen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu zion azter dezala lanpostu publikoen alorrean zein beharrizan dauden eta jar ditzala beharroi aurre egiteko baliabideak. Hezkuntza krisitik ateratzeko esparru «estrategikoa» dela kontuan hartuta, finantzaketa «sendotzea eta, ahal dela, igotzea» galdegin dio Eskola Kontseiluak Zelaari.

Oro har EAEko hezkuntza sistemaren egoera «ona» dela adierazi du Garciak, «hobekuntza eta bikaintasunerako bidean». Nabarmendu duenez, ikaste emaitzetan ikusten da sistemak «ekitatea» sustatzen duela, hau da, «ikasteko prozesuan ikasleen arteko jatorrizko ezberdintasunak minimizatzeko ahalmena» duela.

Garciak kezkagarritzat jo ditu, ordea, eskaintza publikoan Eskola Kontseiluak antzeman dituen desorekak. Lanpostu publikoen kopurua ez dator bat jaiotza tasaren hazkundearekin; beraz, 0-2 urteetako zein Haur eta Lehen Hezkuntzako eskaintzan nabarmenak dira gabeziak. Haurreskolak Partzuergoari eskatu dio lanpostuak ugaritzeko ahalegina «indartzeko», eta Hezkuntza Sailari, berriz, «eskaintza publikorik ez duten udalerrietan ikastetxe berriak sortzeko aukera aintzat hartzeko».

Lurraldeka ere aurkitu ditu desorekak: Bizkaiko eskaintza publikoa Araba eta Gipuzkoakoaren erdia da. Hain justu, postu eskaintzaren eta eskariaren arteko «balantza negatiboa» duten hamabi udalerrietatik hamar Bizkaikoak dira. Eskaintza planifikatzerakoan lurraldeen arteko oreka gauzatzeko eskatu du, hortaz, kontseiluak.

Edonola ere, eskaintzak sare publiko eta itunpekoaren artean banatuta segitzen du, baina publikoak gora egin du, matrikulazioen %50 gainditzeraino. Oreka hori, baina, hautsi egiten da etorkinen matrikulazio datuei erreparatuta, gehienak sare publikoan sartzen baitira. «Azken bi urteotan ez da aurrera egin sareen arteko bidezko banaketa lortzeko», diote txostenean.

Garciak erantsi du hainbat faktorek azaltzen dutela bereizketa hori; besteak beste, 10 urtetik gorakoak A ereduan matrikulatu ohi direla esan du —ikastolen eskaintzatik kanpo—, baita itunpeko patronal batzuek kuotak eskatzen dituztela ere. Ildo horretan, berriki heldutako zenbait sendik arazo ekonomikoak eduki ditzaketela kontuan hartuta, familia horiei kuotarik ez kobratzea gomendatu dio kontseiluak Jaurlaritzari, Hezkuntza Sailari baitagokio ikasleek zein ikastetxera jo behar duten ebaztea.

Irakasteko ereduez, gogoeta

Emaitza akademikoei dagokienez, kontseiluak kezka agertu du B eta D ereduetako «ikasleen ehuneko handi batek euskaraz hizkuntza gaitasun urria» agertu duelako; horrek euskaraz irakasten zaizkien arloetako ikaskuntzan eragin dezakeela diote txostenean. Horregatik, hizkuntzak ikasketetarako euskarri gisa duen betebeharrari buruzko ikerketa bat eskatu dio Jaurlaritzari.

Ildo horretan, irakasteko ereduei buruzko gogoetaren beharra berretsi du kontseiluak. Garciaren ustez, Hezkuntza Marko Hirueledunaren barruan abiatuta dago gogoeta, baina esparru hori orokortzeari begira, gomendioa egin dio kontseiluak Jaurlaritzari: egoera soziolinguistikoaren eta ebaluazio emaitzen arabera ezar dezan zein hizkuntzak izan behar duen lehentasunezkoa.

Hizkuntza aukerak «irizpide ideologikoen arabera» interpretatzen direla diote txostenean, eta, horren haritik, beste eskaera bat egin die hezkuntza eragileei: «Herritarren hizkuntza gaitasunen auzia ikuspegi zientifikotik eta akordioak egiteko asmoarekin azter dezatela».

Bizikidetzarako planaren politizazioa ere aipatu dute txostenean, zeharka bada ere. Egitasmoak «ikastetxeetako aurretiko esperientziei segida» eman diela erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.