«Bai irakasleontzat eta bai ikasleentzat, teknologia berriak oso tresna baliagarriak dira hezkuntza sisteman». Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Pere Marquesek Eskola 2.0 egitasmoaren garrantzia azpimarratu du, EHUko Udako Ikastaroetan atzo emandako hitzaldian: «Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek lagundu egiten dute eskola porrotari aurre egiten». Ikasleei baliabide horiek modu «kritikoan eta arduratsuan» erabiltzen irakatsi behar zaiela azaldu du, eta irakasleei behar bezalako prestakuntza «teknologikoa eta pedagogikoa» eman behar zaiela. «Alferrik da ikasgelan arbel digital bat edo dokumentuen irakurgailuak jartzea, irakasleek horiek nola erabili ez badakite. Prestakuntza horren ardura, ikastetxe publikoetan, administrazioarena da».
Hezkuntzarako teknologian aditua da Marques, eta hainbat arrazoi aipatu ditu irakaskuntzan informazioaren teknologiak erabiltzeko. Hala, gogorarazi du egungo ikasleek gaztetxoak direnetik dutela harremana teknologia berriekin: Internet, sakelako telefonoak... «Primeran moldatzen dira programak jaisten edo sare sozialetan, adibidez. Baina ez dakite baliabide teknologiko horiek behar bezala erabiltzen. Guk horretan irakatsi behar diegu. Nolabait, haien gidariak izan behar dugu mundu birtual horretan».
Horrekin batera, curriculumetan etengabe gertatzen diren berritasunek ezinbestekoa egiten dute, haren ustez, baliabide teknologikoak erabiltzea. «Geografian, adibidez, garai batean nahitaezkoa zen atlas bat erabiltzen jakitea. Gaur egungo ikasleentzat, ezinbestekoa da Google Maps edo Google Earth nola erabili ikastea. Ikasleei gaitasun horiek eman behar dizkiegu».
Ikasleentzat «erakargarri»
Marquesen arabera, gainera, azken hamarkadetan hezkuntza sistemak ez du jakin eskola porrotari aurre egiten, eta bazen garaia berritasunen bat egiteko. «Argi dago teknologia berriekin ez dugula erabat amaituko porrot hori. Baina, behintzat, hori eragiten duten hainbatarrazoiri aurre egiteko balio izan dute. Adibidez,ikasleak eginkizun aktiboagoa du». Baina beharrezkoa iruditzen zaio beste aldaketa bat ere. «Askoz sakonagoa den aldaketa bat behar da hezkuntzan: zehazki, ebaluazio sisteman. Oraindik ere sistema hori gehiegi oinarritzen da gauzak buruz ikastean. Argi dago zenbait gauza buruz ikasi beharko dituztela, baina gero eta garrantzi handiagoa eta balio handiagoa eman behar diegu gaitasunei. Hau da, ikasleak egiten dakienari. Hor bai, hor badute lekua teknologia berriek». Teknologia berrien bidez, ikasketa prozesua «erakargarriagoa» da, Marquesen esanetan. «Teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak hain dira askotarikoak, non ikasle bakoitza bere kabuz landuz eta garatuz baitoa ikasketa prozesu hori. Azken batean, bere buruaren irakasle lana egiten du».
Literatura irakasgaia jarri du horren adibide: «Pablo Nerudaren poesiari buruz azalpen luze eta mardul bat entzun beharrean, askoz erakargarriagoa da zuk zeure kabuz deskubritzea teknologia berrien bidez, eta, gero, gainerako ikasleekin partekatzea. Bilatze hori ikasleentzat benetako erronka da askotan».Dena den, horrelakoetan ere irakasleak egin behar du gidari lana.«Gaitasunak lortze aldera, gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzte. Hala ez balitz, askok, sarean sartu, eta eskatzen zaienari buruz Google bilatzailean aurkitzen duten lehen gauza aurkeztuko lukete». Hala, gogorarazi du ondo dagoela hezkuntza sistema ikasleen interes eta errealitatera egokitzea. «Baina askotan horiek ez datoz bat gizarteak dituen beharrekin. Beraz, nik uste egokitzapenak bi aldekoa izan behar duela. Hezkuntza sistemak ikasleetara egokitu behar du, eta alderantziz».
«Parte hartzailea» izatea da, Marqusek ustez, egitasmoaren beste ezaugarri bat. «Gehienetan, arbel digitalean jarri, eta elkarrekin zuzendu eta aztertzen dira egindako lanak. Hala, guk lan horiek zuzenduko bagenitu baino gehiago ikasten dute ikasleek askotan».
Ikasleak berak irakasle lana egiteak lana arintzen diela dio Marquesek, umorez. «Teknologia berriak erabiltzearen aurka dauden irakasleek ere ziur nago nahiago dutela ikasleak aipaturiko prozesu parte hartzaileen bidez ebaluatu, lanak eta azterketak zuzentzen orduak eman baino». Gogora ekarri du irakasteko orduan ere aukera gehiago ematen dituela. «Garai batean, liburuak, arbela eta klariona baino ez genituen. Gaur egun, berriz, bideoak, argazkiak, webguneak, blogak... Hori beti da ona».
Aurka dauden horiei proba ditzatela gomendatu die. «Erakusten ari direnari ekarpen erantsibat egin diezaioketela uste badute, erabil ditzatela». Uste du saio «sinpleekin» hastea dela onena. «Ez daitezela hasi Kanadako ikastetxe batekin bideokonferentzia bat egiten, adibidez». Hala, gogorarazi du sarean material mordoa topatuko dutela urratsak eginezjoateko. «Gero joango dira baliabide eta material propioak sortzen. Baina, askotan, sarean dagoena oso baliagarria da». Hizkuntza gutxituei dagokienez, material gutxiago dagoela azpimarratu du: «Baina Euskadiko hezkuntza komunitatea eta Kataluniakoaahalegin handia egiten ari dira euskaraz eta katalanez materiala sortzeko».
Pere Marques. Hezkuntzarako teknologiako irakaslea
«Eskola porrotari aurre egiten laguntzen dute teknologia berriek»
Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Pere Marquesen ustez, teknologia berriei esker «erakargarriagoa» da hezkuntza sistema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu