Eskola publikoak gizartean duen garrantzia nabarmendu du Lurdes Imaz EHIGE guraso elkarteko koordinatzaileak. Sistema publikoaren alde, gaurko jaian parte hartzeko deia luzatu du.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak zuen kontra egin du asteon: informazioa «injustuki» erabili duzuela esan du. Zein da EHIGEren erantzuna adierazpen horien inguruan?
EHIGE, gainontzeko hezkuntza eragile eta Eusko Jaurlaritza bera bezala, LOMCEren kontra agertu da hasieratik, eta hala adierazi du Heziberri 2020 prozesu osoan. Hori hala izanda, logikoa da legea aplikatzearen aurka egitea. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan proba egitea LOMCE aplikatzea da. Guk dakigula, ez dago justifikazio pedagogikorik orain arte laugarren mailan egin den azterketa urtebete aurreratzeko.
LOMCE bolo-bolo dabil. Hainbat eskolak planto egin diete Lehen Hezkuntzako probei. Nola egin dakioke aurre legeari?
LOMCE baino, Heziberriren dekretuak dira gai nagusia. Lege organikoa denez, LOMCEk, dekretu bidez, martxan jartzera derrigortzen gaitu, eta Heziberrik LOMCEren atal asko jasotzen ditu. Hirugarren mailako frogen plantoak argi erakusten du gurasoek ez dutela LOMCErik nahi.
Heziberrik LOMCEren egitura eta edukiak «kalkatzen» dituela kritikatu izan duzue.
Aldaketa egon da dekretuaren aurreneko bertsiotik azkenekora. Onartzekotan dagoen azken dokumentua ez da kalko hutsa, baina LOMCEk inposatzen dituen hainbat neurri jasotzen ditu: Lehen Hezkuntzako ziklo antolaketa apurtzea eta abar.
Hainbat murrizketa izan dituzue. Hala ere, gorantz doa eskaria eskola publikoan, ezta?
Bai, baina gorago joan nahi dugu, eta hala egitea espero dugu. Eskola publikoa gizarte aurreratu guztien ardatza da, eta geurean ere hala izan behar du etorkizun kohesionatua eta zatiketarik gabekoa nahi badugu.
Elgoibarren egingo duzue aurtengo Euskal Eskola Publikoaren jaia. Zergatik Elgoibar?
Elgoibarko eskolako kideek eskatu ziguten jaia bertan egitea. Haientzat «altxorra» den eskola ezagutarazi nahi dute, eta uste dugu altxor horrek ederki islatzen duela zer den gaur egungo eskola publikoa.
Nolako egoeran dago?
Oso onean. Elgoibarko eskolak kalitatezko hezkuntza publiko euskalduna eskaintzen die herritarrei, edozein izanda ere haien jatorria edo egoera soziala. Berritzailea da; esaterako, ez du libururik erabiltzen, eta proiektuka egiten du lan. Gurasoek gogoz hartzen dute parte. Ezinbestekoa da hori eskolaren kalitatea eta ikasleen emaitzak hobetzeko.