HEZKUNTZA

Eskola publikoari balioa emanez

Eguraldia lagun, giro ederrean ospatu da aurten ere Euskal Eskola Publikoaren Jaia, Elgoibarren. Eskola publikoaren kalitatea berretsi, eta Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza lege berriaren ardatza izan behar duela aldarrikatu dute.

ainara arratibel gascon
2015eko ekainaren 8a
16:22
Entzun

Bai gaur, [atzo] baita atzo ere [herenegun] jende asko etorri zaigu, batez ere gurasoak, antolakuntzagatik zoriontzera, eta eskolako parte izateagatik harro daudela esanez. Guretzat oso pozgarria da hori, eta oso kontentu gaude». Kalamua guraso elkarteko ordezkari Noemi Otegiren hitzek agerian uzten dute Euskal Eskola Publikoaren Jaiak Elgoibarko (Gipuzkoa) Herri Eskolan utzitako aho zapore gozoa. Beste urte batez, jaiak euskal eskolaren balioa eta kalitatea aldarrikatzeko balio izan du. «Oso harro gaude gure eskolaz, bertan egiten den lanaz, duen kalitateaz». Alde horretatik honako hau gogorarazi du Otegik: «Herrialde aberatsenek eta berdinzaleenek hezkuntza publikoa dute oinarri».

Goizean goizetik hartu zituzten herenegun Elgoibarko kaleek eskola publikoaren aldeko aldarriak. «Jende asko ibili zen, eta, batez ere, giro ona nabarmendu behar da. Ez zen liskar edo arazo txiki bakar bat ere egon; jendea gozatzera eta parte hartzera etorri zen, familia eta lagun giroan». Horren adierazle, igandean bertan jaso ahal izan zutela dena. «Lan askoko eguna izan arren, hain giro ona egon zen gure artean, festa amaitu eta berehala hasi baikinen garbitzen, lanak gaurko ez uzteko. Herri guztia inplikatu da festan, baina ez bakarrik atzo [herenegun], baita aurretik eta gaur bertan [atzo] ere. Gainera, ziur gaude jaiari lotuta sortu diren loturak eta harremanak ez direla etengo». Herrian sortutako giro ederra nabarmendu du Lurdes Imazek ere, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak. «Urte osoan lan handi eta txukun bat egin dute, herri guztia festaren parte bihurtuz, eta hori festan islatu zen. Oso balorazio ona egiten dugu guk ere».

Eguraldia lagun, familia eta lagun giroan, egun ederra pasatzeko aukera eman zien jaiak han bildu zirenei. Mikel Olaizola Elgoibarko musikariak egindako Jaku, Jata kantuarekin hasi zen festa. Herriko plaza beteta zegoen ordurako, eta, amaitu zenean, haurrak eta gazteak herrian banatutako sei guneetara abiatu ziren. Eguerdirako, jende ugari zebilen herriko txoko guztietan. Horren adibide da eguerdirako amaituta zeudela haurrak identifikatzeko 1.200 eskumuturrekoak. Ondorioz, itsasgarriak erabili behar izan zituzten. Gainera, bostehundik gora bazkari eta mila oilasko pintxo eman zituzten. Herriko jatetxe eta tabernetan ere mugimendua etengabea izan zen.

Ekitaldien artean, Pirrotx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia izan zen jende gehien bildu zuena. Txo, Mikmak Txikia ikuskizuna taularatu zuten, txikienen gozamenerako. «Egia esan, urtero gordetzen dute egun hau guretzat, eta eskertzekoa da», azaldu du Imazek.

Horrekin batera, tailerrak oso jendetsuak izan ziren. «Urtero saiatzen gara berrikuntza sartzen alor horretan ere. Gazta egiteko tailerra eta Elhuyarrek antolatutako tailer zientifikoak aho zabalik utzi zituzten txikiak». Tinbalak jotzeko tailerrak eta hennazko tatuajeak egitekoak ere izan ziren, besteak beste. Gainera, aurtengo festaren maskota Jata erlea izanda, ez zen falta izan erleei eta erlezaintzari buruzko erakusketa. Baina jai eguna ez zen soilik haurrentzat izan. Hala, nerabeek Laurobaren musikarekin gozatu ahal izan ziren, eta helduek, Plazan Dantzan ekinaldiarekin, modua izan zuten dantzarako duten trebezia erakusteko.

Jai egunetik harago

Imazen ustez, festak agerian utzi zuen gero eta handiagoa dela euskal eskola publikoaren aldeko atxikimendua. «Jendeak gero eta garbiago du eskola publikoa funtsezkoa dela herri honen etorkizunerako. Hori dela eta, kontuan hartuta Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege berri bat egingo duela, oso garrantzitsua iruditzen zaigu lege horren ardatza eskola publikoa izatea».

LOMCE izan zuen hizpide Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Lasaitasun mezua bidali zuen, eta LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa berretsi zuen. «Ez dira nahastu behar diagnostiko probak eta amaiera azterketak. Zer hobetu behar den jakiteko balio dute diagnostiko probek».

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak «ulertezintzat» jo zuen Jaurlaritzaren jarrera, eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburu ohiak LOMCEren inguruan Jaurlaritza izaten ari den jarrera «epela» salatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.