Hezkuntza. Raxoiren asmoak

Eskolak espainiartzera

Hezkuntzan aldaketak egiteko asmoa lehen egunetik jakinarazi du Espainiako gobernu berriak. Batxilergoa luzatzeak sortu du zalaparta. Euskal Herriko eragileek beste biri ere erreparatu diete: curriculuma gehiago agintzeko nahiari eta hiru eleko eredua ezartzeari.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Iritsi dira agintari berriak Espainiako Gobernura, eta badatoz aldaketak Hego Euskal Herriko hezkuntza sistemara. Inbestidura saioan Mariano Raxoik egindako iragarpenek zalantza eta ezinegona besterik ez dute sortu eragileen artean. Hezkuntza espainiartzeko asmoa ikusi dute PPk egindako proposamenetan, eta bereziki kezkatu ditu Raxoiren esaldi batek: «Lurralde nazional guztian jakintza komun batzuk izatea bermatu behar dugu». Egiteko hori Jose Ignacio Werten esku utzi du Raxoik. Hezkuntza ministro izendatu du.

Formula matematikoen antza dute hezkuntza sistemako aldaketek: zein alderdi iristen den Madrilgo gobernura, aldaketak berehala iragartzen ditu. Hara: 1995az geroztik, hirutan aldatu dute sistema, eta Raxoik berriro egin nahi du. Aitortu du: «Ezin dugu onartu gobernua aldatzen den bakoitzean hezkuntza eredua auzitan jartzea». Baina hori bera egingo du. Etengabeko aldaketek sortzen duten egoeraz kexu da EHIGE, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea. Lurdes Imaz, presidentea: «Politikariak aldatzen diren aldiro hezkuntza aldatu nahi dute, eta hori ez da batere ona».

Batxilergoa luzatzeko iragarpenak erakarri du arreta. Hiru urte izango ditu aurrerantzean, bi beharrean. Imanol Igeregi da Ikastolen Elkarteko zuzendaria: «Guretzat ez da sorpresa izan iragarpen hori. Hezkuntzan erreformak izan direnean hori izan da PPren jarrera». Argitzeko dago erabat, baina orain arteko jarrerari eustekotan, hau egingo du PPren gobernuak: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari ikasturte bat kenduko dio —lau beharrean hiru izango ditu—, eta Batxilergoari, bat gehitu —bi ez, hiru ikasturte izango ditu—.

Eskola porrotari aurre egiteko neurritzat aurkeztu dute. Espainian arazo handia da hori: hirutik batek uzten ditu ikasketak DBHko titulua, gutxienekoa, lortu gabe. Hego Euskal Herrian askoz apalagoa da kopurua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hamarretik batek ez du lortzen graduatua, eta Nafarroan, %14 inguruk.

Oso zalantzan jarri dute neurriaren eraginkortasuna. Batxilergoa laburregia dela zabaldua dago hezkuntza komunitatean, baina ez dute ondo ikusi DBHren bizkar luzatzea. Imaz: «Ez da neurri egokia, DBHk bermatzen duelako ikasle guztientzat hezkuntza bera 16 urtera arte». Beste aukera bat balegoke: DBH dagoenean utzi, Batxilergoa urtebetez luzatu, eta 18rekin beharrean 19 urterekin hasi unibertsitatean. Europako hainbat herrialdetan egiten dute. Baina horrek diru asko esan nahi du: beste ikasturte bat sortu beharko lukete. Egungo baliabideekin ezinezkoa litzatekeela erantzun du LABeko arduradun Jon Urrusolok; lehen indarra da Hegoaldeko hezkuntzan. Hala uste du Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kide Aitziber Larreak ere: «Institutuak gainezka ditugu; irakasleak bota dituzte krisi garaian... Baliabideak beharko lirateke».

Derrigorrezko aldia, zalantzan

DBH murrizteak hankaz gora jarriko du derrigorrezko eskola aldia. 16 urte egin arte, nahitaez joan behar dute ikasleek eskolara—Raxoik hori berretsi du—, baina, mailarik ez errepikatzekotan, DBH 15 urterekin amaituko lukete. Bi aukera izango dituzte orduan: Batxilergoa eta LH Lanbide Heziketa, Erdi Mailakoa. Aldaketa da ikasturte bat derrigor egin beharko luketela; orain arte aukerakoa izan da DBHz ondorengoa.

«Egoera arraroak, anormalak, kafkiarrak sor daitezke: Batxilergoan edo LHn urtebete egin beharko du graduatua lortu ondorenerako beste asmo batzuk dauzkanak». Egitasmoak zehazteko zain dago Urrusolo. Arrisku handia ikusten du Igeregik: «Gure kezka da derrigorrezko irakaskuntzarako eskubidea 16 urtera arte bermatuko ote den berdintasunez. Edozein gobernuri eskatu beharreko gutxienekoa da hori».

Batxilergoko eta Erdi Mailako LHko lehen urtea derrigorrezko aldiaren zati izango baitira, Batxilergoa luzatzeko. Ez dago argi emaitzak izango dituen. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak dio: ordu gehiago egiteak soilik ez dakar arrakasta. Orduetan buru da Hegoaldea, baina ez emaitzetan.

Ikasleak banatzea ekarriko du neurriak, nahitaez. 16rekin ez, 15 urterekin aukeratu beharko dute bidea. «Ez da ona ikasleak lehenago sakabanatzea», ohartarazi du EHIGEko buruak. Ikasleen etorkizuna baldintzatu nahia ikusi dute horren atzean Ikasle Abertzaleek. Haizea Solagurenbeaskoa: «Banaketa eginda, pertsona horren etorkizuna, ahalmena eta produkziorako gaitasuna sailkatuko dituzte». Arriskua ikusten dute ikasle onak eta ikasle txarrak bereizteko; eta lehenak Batxilergora bideratzeko, eta gainerakoak, LHra, edo zuzenean lanera. «Aukera dutenek segitu ahalko dute ikasten, eta ez dutenek lanean hasi beharko dute, baldintza txarretan». Solagurenbeaskoaren ustez, unibertsitatean hasitakoa zabaldu egin nahi dute: «Ikaslea produktu gisa ikusten dute, Bolognako prozesuak bezala».

Finean, PSOEren gobernuak hasitako bidean aurrera egitea erabaki du PPk. DBH aldatzeko dekretu bat kaleratu zuen Espainiako Gobernuak uztailean: laugarren urtea Batxilergorako edo Lanbide Heziketarako bidea izatea proposatu zuen, ikasleek aukeratzen zutenaren arabera ikasgai batzuk edo besteak emanez. Imazek dio lortu behar dela aldaketek ez zabaltzea itunpetzeko atea; Igeregik erantzun du Batxilergoa lehen ere itunpekoa dela Hego Euskal Herri osoan.

Curriculumaz, zalantza gutxi

Batxilergoa antolatzeko moduan badaude zalantzak, baina gutxi curriculumaren alorrean. Hala berretsi du Ikastolen Elkarteko ordezkariak: «Atal hori da kezkagarriena, eta zalantza gutxi dago egingo dutenaz». Legeak ezarrita dauka banaketa: Espainiako Gobernuak curriculumaren %55 zehazten du, eta autonomia erkidegoek, %45. Igeregik ez du uste proportzio hori aldatuko dutenik: «Edukiz beteko dute Espainiari dagokion zatia, eta, praktikan, %55 baino gehiago izango da. Badaude aurrekariak». Pilar del Castillo ministro zeneko garaiak ditu gogoan. Larreak Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ardura nabarmendu du: «%45 hori ez dute erabiltzen, eta Espainiaren antzeko curriculuma dugu».

PPk gobernura helduta horrelako ekimenen bat abiatuko ote zuten beldur ziren hezkuntza alorreko eragileak. Urrusolok hala dio: «Madrilen sentsazioa dago erkidego bakoitzak bere sistema daukala, ez dagoela homogeneotasunik, eta, hizkuntzak tarteko, langileek ezin dutela Espainiatik Euskal Herrira etorri. Horri erantzun nahi dio PPk». Helburu politikoa ikusi du EHBE Euskal Herriak Bere Eskola taldeak. Ainhoa Larrabe da bozeramailea: «Badakite hezkuntza sistemak nolako garrantzia duen, eta asimilaziora bideratu nahi dute».

Zentralizazioa, hezkuntza espainiartu nahia ikusi dute proposamenaren atzean. «Ez da berria. Geografiaren eta Historiaren gisako ikasgaietan lehen ere eman dituzte horrelako pausoak: liburu jakinen alde egin dute, Espainiako edukien araberako materialak ezarri dituzte...». Nafarroako adibidea jarri du Larrabek: eskola liburu batzuk finantzatzeari uko egin zion gobernuak, haren edukiak ez datozelakoan bat indarrean dagoen curriculumarekin.

Sortzen Ikasbatuaz-ek dio irakasleek dutela azken hitza: «Ezin da zalantzan jarri haien profesionaltasuna». Euskal curriculumaren lerroak txertatzeko eskaria egina die maisu-maistrei. PPk, ordea, ohar argia egin du, Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiaren ahoz: «Egiazko ikuskaritza egingo dugu, lurralde osoan bermatzeko berdin ematen dutela hezkuntza». Urrusoloren ustez, kontrol zentralizatua beste biderik ez luke izango Madrilek; irakasleak «gutxiestea» litzateke hori, Larrearentzat. Igeregik ezinezkotzat jo du: «Espainiako ikuskatzaileek titulazioekin zerikusia duten gaietan hartu dute parte. Beste aukerarik ez dute; ikuskaritza oso handia beharko lukete».

Euskal curriculumaren gaia mahai gainera ateratzeko ordua dela esan du EHBEk: «Ez dute lortuko orain arteko lana zapuztea. Lana kaleratzeko eta curriculuma ezartzen hasteko garaia da». Elkar hartzeko deia egin du; bat etorri dira harekin Sortzen Ikasbatuaz eta Ikasle Abertzaleak. EHIGEk ere esan du Madrildik gaiak agintzearen aurka dagoela.

Ikastolek jakinarazi dute orain artekoan segituko dutela: «Garbi dago erasoa datorrela. Baina guk argi badaukagu ez dugula atzerapausorik emango, ez da egongo benetako arriskurik. Erasoa etorriko da, baina gure bideari eutsiko diogu», dio Igeregik. «Inposizioak» dira, eta gizarte osoak hartu beharko luke ardura «alternatibak» plazaratzeko. Hori dio IAk.

Ingelesari babesa

Raxoik egindako proposamenez isilik daude erakundeak. Eusko Jaurlaritzak dio xehetasunak jakin nahi dituela; Nafarroako Gobernua ere zain dago, baina Espainiako gobernuburuak hizkuntzaz egindako gogoeta txalotu du. Ingelesa indartzearen alde egin du, eta hiru eleko hizkuntz eredua ezarri behar dela adierazi du.

Gasteizko eta Iruñeko gobernuei «hauspoa» emango diete Raxoik hiru elekoaren alde esandakoek, Larraberen iritzian. Ingurura begiratuta, Hegoaldea buru da: Nafarroan ia sei mila ikaslek dute ingelesa irakats hizkuntza gisa—ikasleen %6k—; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 118 eskolatan ari dira probatzen. «Isilean ari dira jartzen. Arduratuta gaude».

Raxoiren asmoetan euskara ahultzeko nahia ikusi dute eragileek. Gaztelania «bermatzeaz» mintzo baita. LAB: «Badakite eskolatik gaztelaniaz jakinda ateratzen direla guztiak, baina, hala ere, segitzen dute bermatu behar dela esaten. Euskarari garrantzia kendu nahi diote». Ingelesa ikastearen alde daudela berretsi dute eragileek; eredu hori ez dute nahi. Larrabe: «Nahi dugu ingelesa, baina euskaldun izanda. Euskaldun eleaniztunak nahi ditugu». Egoera deigarri zaio Larreari: «Bermatuta dagoena bermatzeaz ari dira, eta Nafarroan ikasle mordoa dago euskaraz ikasi ezinean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.