Ikastetxean egiten dutena etxean erakutsi behar dute ikasleek, ez etxean eginikoa eskolan». Etxerako lanik ez egiteko, bi astez grebara jotzeko eskatu zien gisa horretan Frantziako gurasoen elkarteen federazioak herrialdeko familiei hilabete hasieran. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleek ere bazuten deia; ez du oihartzun handirik izan protestak Iparraldean. Eztabaida zabaltzea lortu dute, hala ere. Litekeena da Hegoaldean ere protesta egitea. Aztertzen ari dira gurasoen elkarteak.
Ez da eztabaida berria Euskal Herrian. Nafarroan sortu izan da zalaparta. Arartekoarenera jo zuten orain bi urte guraso batzuek: salatu zuten lan gehiegi ematen dietela ikasleei. Hori izan da grebara deitzeko arrazoietako bat: itota daudela ikasleak. «Gero eta lan gehiago bidaltzen dituzte, egia da. Handitzen ari da kopurua». Joxe Amiama irakaslea da, eta etxeko lanei buruz ari da tesia egiten. Euskal Herrian ez da ikerketarik ikasleek etxeko lanetan igarotzen duten denborari buruz; Espainiako Hezkuntza Ministerioarenak dioenez, hiru ikasletik batek bi ordu baino gehiago pasatzen ditu.
Hezkuntza komunitatean ados datoz guztiak: txarra da ikasleei gehiegizko lan karga jartzea. «Aztertu beharreko gaia da etxerako lanena. Argi dago ikasleei ezin zaiela zama handiegia jarri. Guk uste dugu ezinbestekoa dela eskoletan gaia aztertzea, baita gurasoek iritzia ematea ere». Grebarako deiari erreparatzen aritu da Arabako Denon Eskola gurasoen elkarteko ordezkari Santa Gonzalez. Onartu du Frantziako protestak hizpidea jarri duela gurasoen artean, pil-pilean dagoela gaia. «Aurrez ere bazen aztergaia, eta orain ere bai. Gurasoen artean ari gara horri buruz hizketan, noski».
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, etxeko lanei buruzko arau bat dago 1956tik: ezin dira bidali Lehen Hezkuntzan. Hegoaldean ez dago horrelakorik. «Irakasleak antolatzen ditu etxeko lanak. Erdiek maiz bidaltzen dituzte; programaren barruan dira haientzat», azaldu du Amiamak. Kexu dira gurasoak, araurik ez dagoelako. «Erakundeei eskatzen ari gatzaizkio arautzeko, orain arte ez baitute halakorik egin». Itsaso Briz Lezoko Herri Eskolako zuzendariak, ordea, uste du ikastetxeek autonomia behar dutela: «Ez da ona dena arautzea. Eskola bakoitzak erabaki behar du, bere proiektuaren barruan».
Ikerketek diote alferrik dela lan ordu asko eskatzea. «Lanak egiten zentzuzko denbora bat emateak —ordu bat edo bi— eragin ona du emaitzetan. Denbora gehiago ematen denean, emaitzak ez dira hobetzen». ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen ondorioa da.
Zama eskolaren gain
Zaila da muga jartzea. Amiama: «Bi erakunde indartsu soilik dauzkagu hezteko: familia eta eskola. Gero eta pisu handiagoa ari gara uzten eskolari; gainera, ikasgaiak eman behar dira. Astirik ez, eta etxera eraman behar dira lanak».
Estua da curriculuma, eta denbora justukoa daukate eskoletan. «Nik neuk ez dut estresik ikusten gure ikasleengan, baina arriskua badago: irakasle batek curriculuma ezin badu osatu, estresa sortzen zaio, eta ikasleei pasatzen die», esan du Brizek. Gonzalezek onartu du ikastetxeetan komeriak izaten dituztela gai guztiak lantzeko. Amiamak erantsi du hor dagoela kanpoko azterketen «mamua» ere: «Beldurra daukate, edukiei dagokienez. Ikasleak Batxilergora doaz, ondoren selektibitatea dago... Edukiei garrantzi handia ematen diete». Agian, hori da arazoa. Brizek hala uste du: «Curriculuma egokitu beharko da, hortaz. Garrantzi gehiegi ematen zaie edukiei. Ikasten ikasi behar dute ikasleek; tresnak eman behar zaizkie. Edukiak izango dituzte».
Mugatzera jo dute zenbait herrialdek. Belgikan, ordu erditik gora ez dezakete pasa lanekin; Danimarkan, ezin dira astebururako bidali; Finlandian eta Luxenburgon ere mugak dauzkate.
Europako joera horrek eragina izan du unibertsitatean: Bolognako prozesuak ekarritako sistema berrian, eskolako orduak ez ezik, kanpokoak ere kontatzen dituzte. «Teorian, araututa dago: kreditu batek eskolako hamar ordu eta kanpoko hamabost hartzen ditu. Planifikatzea eskatzen du horrek, eta denek ez dute egiten», ohartarazi du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasle Kontseiluko presidente Aratz Castrok. Kexu dira estudianteak, plan berriak «gehiegizko lan karga» ekarri dielakoan. «Bolognako prozesua ez da azterketak jartzea astero, eta hori ulertu dute irakasle batzuek. Azterketen balioa jaitsi egin da, baina berdin ikasi behar da, eta, gainera, lanak eskatzen dituzte».
Koordinazioa falta dela salatu dute EHUn. Hezkuntza sistema osoan jo dute nahitaezko hori, eta bereziki etxerako lanei dagokienez. Gonzalezen esanetan, «egun batzuetan itota eta besteetan lanik gabe» egoten dira ikasleak. Amiamak nabarmendu du hori zuzendu behar dela: «Koordinaziorik ezean, arazoak sortzen dira. Hitz egin behar dute irakasleek». Aitortu du, hala ere, ez dela erraza neurriak jartzea: EHUko irakaslea da Amiama, eta aitortu du zailtasunak dituztela kreditu bakoitzean aurreikusitako orduei dagokien lana zein den zehazteko.
Desberdintasunak eragiten
Nolako lanak agindu, badago aldea. «Epeak ematen dizkiet nik, ez egun batetik besterakoak. Antolatzen ikasten dute hartara, eta hori da helburua», azaldu du Brizek. Eskolan egin ezin daitezkeen lanak dira egokienak, Amiamaren iritziko: «Eskolan egindakoaren errefortzu gisa erabiltzen dira, eta interesgarriagoak dira».
Baina arrisku bat ere badaukate etxerako lanek: ikasle guztiek ez dauzkate baliabide berberak eskura. «Eskola publikoak berdintasuna du balio nagusietako bat, eta ezin dugu hori hautsi etxeko lanekin», ohartarazi du Lezoko eskolako zuzendariak. Internetekin lotutako adibidea jarri du: «Bilaketa bat egiteko eskatuz gero, guztiek ez dute aukera bera izango». Horretaz kexatu dira Frantziako gurasoak; haien arabera, desberdintasunak sustatzen dituzte etxerako lanek. Amiamak ez du uste baliabide kontua denik —«etxe gehienetan badaude baliabideak, eta han ez bada, inguruan»—; zenbaitetan, eskolak leku bereziak jartzen ditu etxeko lanetarako. Baina, irakaslearen esanetan, horrek badu arrisku bat: «Umeak taldean daude. Ez diote bakarrik aurre egiten egoerari».
Gurasoen egoera sozioekonomikoak badu eragina emaitzetan. «Egia da ezberdintasunena: maila kulturala apala denean nabaritzen da», dio gurasoen elkarteko ordezkariak. Ikerketetan aldagai garrantzitsua da gurasoen egoera. Eta dirua ere bai: «Ahal dutenek irakasle partikularrak jartzen dituzte askotan». ISEIren azken ebaluazioak erakutsi du: ingeleseko aparteko eskoletara joaten direnek gainerakoek baino %32 nota hobeak dauzkate.
Gurasoen lekua
Kontua ez da, ordea, gurasoek edo haiek pagatutako irakasleek egitea etxerako lanak. «Gurasoek, printzipioz, ez dute edukietan lagundu behar: guraso dira, ez irakasle. Funtzioak argi izan behar dira», adierazi du Amiamak. Frantziako gurasoak kexatu dira horretaz: guraso guztiek ez dutela mailarik seme-alabei laguntzeko. Gonzalez: «Izanda ere, gurasoen egitekoa ez da curriculuma ematea. Gainean egon behar dute, arduratu, baina ez irakasle izan». Kalterako ere izan daiteke irakasten hasi nahi izatea. Hala uste du EHUko irakasleak: «Metodologiak aldatu egin dira. Gurasoen ikasteko modua eta oraingoa ez dira berdinak, eta umeari nahasmena eragiteko arriskua dago».
Neurrian eginda, egokiak dira etxerako lanak. Adostasuna handia da, nahiz Brizek aitortu duen eskolan izaten dutela eztabaida. Oraindik, ordea, badute lanek zigor itxura? Amiamak egindako ikerketak baietz dio: «Ikasleen erdiek esan dute batzuetan zigor gisa jarri dizkietela lanak, eta beste %38k maiz egin dietela hori. Etxeetan ere bada zigorra: 'Zoaz etxeko lanak egitera', esaten diete gurasoek umeei, haserretzean». Eskolako zuzendariak dio neurriak bihurtzen dituela zigor: «Gehiegi badira, ez dituzte gustura egingo». Aitortu du: «Denok izan gara ikasle, eta badakigu».
Hezkuntza. Etxerako lanak
Eskolan lan eta etxean lan
Frantziako guraso elkarteek sustatutako grebak lehen lerroan jarri du etxerako lanei buruzko eztabaida: auzitan jarri dute lanen balioa. Ikerketek diote mesede direla neurrian eginez gero. Zein den neurria, hor dago zalantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu