Ikastolen Elkarteko lehendakariorde Nekane Artolak esan du atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzea "herri apustua" dela. Horregatik, ekimena hartzea erabaki dute. Koldo Tellitu lehendakariak eta biek segregazioa sustatzen duten arrazoiak aztertu dituzte eta horri buelta emateko zortzi neurri dituen proposamen bat aurkeztu dute. Tellituren arabera, hezkuntzako eragileak Eskolatze Batzordeetan egotea da berehala hartu beharreko neurria. "Atzerriko jatorria duen ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen da, eta horien matrikulazioa Eskolatze Batzordeen bidez egiten da. Ia beti dagokion herrian matrikulazio arazoak dtuen ikastetxera bideratzen du ikaslea". Batzorde horietako kideak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko teknikariak izaten dira. Tellituk uste du batzordeotan eragileak ere egongo balira banaketa orekatuagoa izango litzatekeela. Datua eman du: iaz 4.200 ikasle matrikulatu ziren matrikulazio garaitik kanpo; Eskolatze Batzordeek 250 baino ez zituzten bidali ikastoletara.
Ikastoletako lehendakariaren arabera, badira horrenbesteko garrantzia edo gehiago dituzten beste neurri batzuk. Adibidez, murgiltze ereduaren aldeko apustua egin du. Esan du atzerriko jatorria duten ikasle askok hizkuntza ereduaren arabera hautatzen dutela ikastetxea. "Murgiltze ereduarekin segregazioari aurre egingo genioke".
Era berean, Lurralde eskolatze guneak eskatu ditu, eta horietan ikastetxe bakoitzak bere eskaintzaren inguruko argibideak emateko eskubidea izatea gura du. Esan du ikastolen aldetik ez dela eskaera berria. Eta beste erabile batzuk ere eskatu dutela. Baina gune horientzat metodologia anglosaxoia hobetsi du: "Gune independenteak eta eskolen funtzionamenduari buruzko adierazle objetiboak argitaratu, ikuskaritzaren txostenak edo kanpoko ebaluazioen emaitzak kasurako".
Udalei, harrera plan integralak eskatu dizkie. Hezkuntza Sailak ghettoetan dauden ikastetxeen arteko oreka sustatu beharko duela ere esan du; baita baliabide bereziak eskaini ere. Atzerritar jatorriko ikasleen integraziorako 20 milioitik gorako aurrekontua beharko litzatekeela uste du; gaur egungoaren hirukoitza. Ikastolei ere ipini dizkie etxeko lanak: harrera planak, matrikulatu diren ikasleek ikastolan jarrai dezatela lortzeko, eta beka sistema berritu.
Gaur prentsaurrean aurkeztu ondoren, gobernuari, alderdi politikoei, sindikatuei eta hezkuntza arloko gainontzeko eragileei azalduko diete ikastolek euren proposamena. Tellituk esan du beste eragileen jarrera eta eurena kontuan hartuta badagoela akordioak lortzeko aukera.