gizartea

Eskoletako bake planean Poliziaren biktimak sartuko dira

Biktimen lekukotasunekin jarraitu egingo du Jaurlaritzak. Eragileekin hizketan hasi da plana egokitzeko, eta gaur bertan egin dute bilera bat.

Jonan Fernandez eta Cristina Uriarte, gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko azaroaren 11
14:57
Entzun

Indarkeriaren biktimek lekukotasunak ematen jarraituko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan, baina biktima horien nolakoa zabaldu egingo da. Talde armatuen biktimek eman dituzte testigantzak orain arte (ETArenek, GALenek eta BVErenek), baina Eusko Jaurlaritzaren asmoa da proiektua zabaldu eta Poliziaren biktimak ere proiektuaren barruan sartzea. "Parlamentuak aitortutako biktima guztiak hartuko dira kontuan", esan du Jonan Fernandezek, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak.

Aurreko gobernuak Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuaren eskutik abiatutako proiektua ez du kolokan jarri Jaurlaritza berriak. Baina aldaketa batzuk egin dizkio, ebaluazioa egin eta gero. Hutsune nabarmenena eragileekiko harremanean ikusi dute; eskoletan ez dutela behar bezalako informaziorik eman, eragileei ez zaiela behar adinako autonomiarik eman, eta ika-mika politikoak hartuta egon dela proiektua.

Hori zuzendu nahi dute orain, eta gaur bertan egin dute bilera bat Jaurlaritzak eta hezkuntzako eragileek. Proposamen bat jarri die mahai gainean gobernuak, eta hilabete amaierara arteko epea jarri du zuzenketak egiteko. Edonola ere, borondatezkoa izaten jarraituko du planak. "Eskolak ezin dira derrigortu. Eskaintza bat egingo da, gonbidapen bat, informazioa emanez".

Proiektuaren koordinazioa Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkide ohiak hartuko du.

1. Adi-adian. Eskubide urraketen gaia landuko dute programa horren bitartez ikastetxeek. Lan proposamen gisara, urraketak jasan dituzten biktimen lekukotasunak eskoletan ematea proposatu du Jaurlaritzak, aurrez hasitako bideari jarraituz. "Gorrotoaren ordez bizikidetzaren alde egiten duten biktimek lekukotasunak balio hezitzaile izugarria du", nabarmendu du Fernandezek. DBHko azken urteetan eta Batxilergoan eman nahi dituzte testigantzak. Aukera badago idatziz edo ikus-entzunezkoen bidez jasotzeko, baina zuzeneko lekukotasunen alde egin du gobernuak, "balio gehigarria baitauka".

Eragileekin harremanak sendotuta eta plana zabalduta, espero dute eskari gehiago jasotzea. Hortaz, biktima gehiago bildu beharko dituzte testigantzak emateko prest. Zelaak osatu zuen taldeak aurrera segituko du (hamabost bat lagun dira), baina asmoa da gehiago ere trebatzea. Poliziaren biktimen gehiegikerienak tartean daude.

2. Elkarrekin programa. Gizarte erakundeekin lan egiteko asmoa du Jaurlaritzak, eta, horretarako, diru laguntza deialdi bat aterako du. Ikastetxeetan prestakuntza, aholkulari eta dinamizazio lanak egingo dituzte gizarte talde horiek, eta ordu bakoitzeko hainbesteko diru kopurua emango die gobernuak. 250.000 euroko saila jarri dute datorren urterako. Eskoletan soilik ez dute abiaraziko Elkarrekin programa; herrietan antolatzen diren ekintzetarako ere baliatu nahi dute.

3. Eskola bakegune webgunea. Aurreko gobernuak sortu zuen bizikidetzarako hezkuntzari buruzko weba, eta eraberritu egingo dute orain. Eskoletan lantzeko baliabideak jarriko dituzte, eta "webgune bizia" izatea nahi dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.