Eskoziako prozesu subiranista interes handiz jarraitzen ari da nazioartean, eta hain zuzen munduko mugimendu independentistei erreparatu die The New York Times egunkariak. Kurdistanetik Texasera, eskoziarrek separatistak hauspotzen dituzte artikulua argitaratu du kazetak, eta Euskal Herriaren kasua du aipagai bertan.
Artikuluan, kazetak gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoak gobernu abertzalea duela eta Espainiak burujabetzari buruzko galdeketarik ez duela onartu. Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Eskoziari buruz esandakoak ere biltzen ditu artikuluan: "Euren etorkizuna erabakitzeko aukera dute". 2012ko inauterietan Ortuzarrek Eskoziako gona jantzi zuela oroitaraziz, haren hitzak jaso ditu: "Hori da autodeterminazioa. Hori da eskatzen duguna".
Besteak beste, Katalunia, Kurdistan, Flandria, Tirol eta Quebecen kasuak ditu aztergai egunkariak, eta herrialde horietako ordezkari politikoek Eskoziako balizko independentziaren eraginaz duten iritzia bildu du.