URTE POLITIKOA

Eskoziako erreferendum "eredugarria" goretsiz ekin dio urte politikoari Urkulluk

Donostiako Miramar jauregian egin du Jaurlaritzak urteko lehen gobernu kontseilua; besteak beste, ekonomia eta bakegintza izan ditu mahai gainean.

Jaurlaritzako kideak, Miramar jauregian. Haiekin batera daude Gipuzkoako ahaldun nagusia, Donostiako alkatea eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako jarduneko presidentea. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 28a
07:35
Entzun

10:00etatik aurrera elkartu dira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta sailburuak, urte politikoa abiatzeko lehen gobernu kontseiluan. Harrera egin diete Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Julio Astudillo Gipuzkoako Batzar Nagusietako jarduneko presidenteak. Bilera egin dute aurrena, eta prentsaren aurrera atera da Urkullu gero.

Bost ideia nabarmendu ditu Urkulluk, gai ezberdinei loturikoak. "Gizarte giro aldetik udara ona" izaten ari dela uste du, eta ekonomikoki krisialdia gainditze bidean dagoelakoan da: "Adierazleak hor dira: turismoa, esportazioak, enplegua, maileguak...". Azaldu du ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plana betetzen ari dela Jaurlaritza, eta erantsi plan hori "emaitza ona" ematen hasi dela.

Baketzeari dagokionez, esan du bakeari eta bizikidetzari "konpromiso politikoa" zor zaiola: "Nahiko nuke indar guztiek izatea". Alde horretatik, gogorarazi du "lehen aldiz" indar politiko guztiek gaitzetsi dutela Loiuko erasoa, eta hori oso garrantzitsutzat jo du.

Bestalde, Eskozian irailaren 18an egitekoak diren independentzia erreferenduma "eredugarritzat" jo du: "Europan gauzak alda ditzake hango metodo horrek". Eskoziako prozesua "eskubide kontua" dela uste du.

Gainera, 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei ez begiratzeko eskatu du Urkulluk: "Luzea egingo zaigu, bestela, ikasturtea".

Nafarroako Gobernuak, berriz, atzo izan zuen uda osteko aurreneko gobernu kontseilua. Ondorengo agerraldian, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek ez zuen argitu Yolanda Barcina gobernuko presidentea foru hauteskundeetara aurkeztuko den. Nolanahi ere, Barcina hautagai izatearen alde agertu zen: "Ez da erraza bozeramailea izanda iritzi bat ematea, baina, bidetik apur bat irtenda, baietz esango dut, Barcina hautagai izatearen aldekoa naizela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.