PROZESU SUBIRANISTA ESKOZIAN

Eskoziako erreferendumean izango dira EAJren ordezkaritza bat eta EH Bilduren beste bat

Besteak beste, Andoni Ortuzar joango da EAJren izenean. EH Bilduk ez du zehaztu nor joango den koalizioaren izenean.

Andoni Ortuzar izango da EAJren izenean Eskoziara joango direnetako bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 20a
13:32
Entzun

Irailaren 18an egingo dute Eskoziaren independentziari buruzko erreferenduma, eta egun horretan Eskozian izango dira EAJren ordezkaritza bat eta EH Bilduren beste bat.

EAJren izenean, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea, Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza arduraduna eta Iñaki Goikoetxea Kanpo Politikako burua joango dira. Egun ugari igaroko dituzte han, baina ez dute jakinarazi zein egunetan egongo diren, ezta zein agenda izango duten ere.

EH Bilduk ere ordezkariak bidaliko ditu Eskoziara, Oskar Matute Alternatibaren koordinatzaileak jakinarazi duenez: "EH Bildu Euskal Herriarentzat esanahi berezia duen gertaera garrantzitsu horretan egongo da". Matutek ez du zehaztu nortzuek ordezkatuko duten koalizioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko PPk ez du ordezkaritzarik bidaliko, ordea. Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak argudiatu du "emaitzen erabilera alderdikoirik" ez egiteko ez dutela inor bidaliko. Azaldu du EAEko PPk "adi" aztertuko duela zer gertatzen den Eskozian, baina gaineratu du Eskoziak ez duela "zerikusirik Espainian eta Euskadin gertatzen denarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.