Ekainaren 1ean EITBko irratietako hainbat langile geldituko dira kalean. Data horretatik aurrera, erregulazio dosierraren eraginez, beste hainbat esatari geldituko dira Euskadi Irratitik, Radio Euskaditik eta Radio Vitoriatik kanpo. Horren aurka protesta egiteko, ESK-Independenteak sindikatuak bi greba egun antolatu ditu aste honetarako Radio Euskadin. Lehen lanuztea atzo izan zuten. Irratsaio garrantzitsuenak —Boulevard, Boulevard Magazine, Graffiti, Iflandia...— ez zituzten egin. Gutxieneko zerbitzuak mantendu zituzten, hamabost minutuko saioekin, 06:00etan, 07:00etan, 08:00etan, 13:00etan, 19:00etan eta 22:00etan.
ESK-Independenteak sindikatuko ordezkariak gustura azaldu ziren greba deialdiarekin izandako harrerarekin. Lau langiletik hiruk ez zuten lanik egin, sindikatuko ordezkarien arabera. «Ondo ateratzen ari da», esan zuen Bego Yebra ordezkariak.
EITBren Bilboko egoitzaren aurrean dagoen lorategian kanpaldi bat egin zuten hainbat langilek, goizeko hamarretan hasita. Handik gutxira, erregulazio dosierra salatzen duen pankarta atera zuten.
Larunbat honetarako antolatu dute bigarren greba eguna. Sindikatuak adierazi du «desadostasun larriak» dituela EITBko zuzendaritzarekin egun horretako gutxieneko zerbitzuen inguruan, eta horren berri eman dute lan agintaritzan. Larunbatean Más que palabras eta Parlamento en las ondas ez direla egingo iragarri du Yebrak. Egun horretan Athleticek eta Bartzelonak Espainiako Kopako finala jokatuko dute. BERRIAk jakin duenez, partida osoaren emanaldia egingo dute Radio Euskadin.
Roge Blascok jarraituko du
Ekainaren 1ean Radio Euskaditik kanpo geldituko diren esatarien artean daude, besteak beste, Edurne Mendia, Maria Suarez eta Bego Jimenez. Hágase la luz saioa gidatzen zuen Jimenezek, eta entzuleak agurtu zituen asteburuan. Hainbat urtez Boulevard eta La Noche Despierta saioetan aritu zen, eta entzulearen telefonoaz ere arduratu zen.
Aldiz, Roge Blasco esatari beteranoak Radio Euskadin jarraituko du. Blascok kontratu mugagabe ez finkoa zuen iazko ekainetik, eta hasieran ez zuten bere lanpostua amortizatu behar. Martxoaren erdialdean, ordea, erregulazio dosierrean sartuko zutela jakinarazi zion zuzendaritzak. Ez da horrela gertatuko, azkenean. EITBko gaztelaniazko irratian jarraituko du lanean Blascok —59 urte ditu—, erretiro aurreratua hartu arte. Irratian mantenduko den beste langile bat Iruñeko egoitzako Satur Leoz da.
EITBko irratietako lan afera luze doa. Apirilaren 14an ESK-k lan deialdi publikoaren oinarrien aurka jarritako helegitearen inguruko epaiketa egin zuten. Eta hurrengo epaiketa azaroan izango da, langile kaltetuek lan deialdiaren garapenari jarritakoa. Bitartean, oposizioak gainditu zituztenak lanean jarriko dira.