Ilun, hotz eta itxuraz bakarti esnatu da Logroñoko espetxea (Espainia). Hiru lagun, espetxetik 200 metrora, Otegiren ekitaldia egiteko oholtzak muntatzen. Hotz, oso hotz kanpoan, baina ezin autoan sartuta gelditu. Euskal Herriko hainbat hedabide, baita Frantziatik eta Kataluniatik iritsitakoak ere 07:00etan, eguzkia oraindik atera gabe.
Ikurrina andana, preso politikoen etxeratzea eskatzen dutenak adina. "Goiz aterako dute", bertaratuen gogoan. "Goizeko zenbatzea baino lehen ez, behintzat". Espekulazio ugari, baina inork ezer ziurrik esaten ez. Lagun, kide eta senideak iritsi orduko aurkitu dira kazetariekin. Kamerak hara eta hona, adierazpenak hartu, argazkiak atera. Horiek amaituta, aurrera, lehenago iritsitako lagun eta kideengana: besarkadak, eta irribarreak. Aurpegi irribarretsu asko.
08:30ak. Hankak izozteko puntuan. "Martxa honetan, hatzak moztu beharko dizkigute". Dozenaka lagun, kide eta senide Otegiri besarkada bat emateko irrikan. Dozenaka kazetari leku on baten bila, Otegiren lehenengo irudi onena nork hartuko. Leku on bat topatutakoan, geldi. Hotza. Bitartean, Guardia Zibilaren patrullak sartu irtenean jendetzaren artetik. Baita hornitzaileak ere. "Zer da hau?", aurpegiera jarri du horietako batek bertako giroa ikusita. Espetxeko funtzionario amorratua ere pasa da, klaxona astintzen: ez zaio askorik gustatu ikusitakoa, antza.
"Free them all, free them all" [guztiak aske] oihuak. Espetxeko ziega batetik datoz oihuak. Realeko bandera bat astindu dute. Eta begira geratu jendetzara. Otegi libre gelditzeko minutuak ia bi eskuetako hatzekin soilik zenba daitezke; baina ezin jakin. "Antena3 katekoei entzun diet 09:00ak baino lehen aterako dela". Erlojuari begiratu: 08:50. "Bada, ez zaigu askorik gelditzen". Bost bat guardia zibil espetxerako sarbidearen ondoan. Antolakuntzako petoa duen lagun batengana joan da horietako bat. Laster behar du, mugimendua hasi da. Otegiri pasilloa egingo diote 200 metrotara jarritako oholtzaraino laguntzeko, han bildutako jendetzak jan ez dezan.
Eta atera da, ezkerreko besoa altxata, txalo artean, independentzia eta preso politikoak etxeratzeko oihuak tartean. Poltsa bat darama Otegik beste eskuan, Hego Afrikako bandera ikusgai. Guardia zibilek hartu, eta antolakuntzakoen eskuetan utzi dute. Libre da Otegi, sei urte eta erdiren ondoren. Hasi dira besarkadak, muxuak, irribarreak. Eta pasilloa egin behar zutenak tinko eutsita egon arren, herri harresi baten gisan besotik helduta, kazetariak gainera joan zaizkie. Ezinezkoa aurrera egitea. Eta, azkar batean egitea aurreikusitakoa, luzatu egin da dezente. Asko izan baitira han bildutako lagunak, ezin eutsi laguna besarkatzera joateko bulkada.
Oihu eta txalo artean, iritsi da Otegi oholtzara. Agurra dantzatu dio herrikide eta lagunak. Eta, ondoren, hainbete kazetarik espero zuten unea: Otegiren lehenengo adierazpenak, espetxetik irten berritan. Ez dio dardararik egin ahotsak, irmo da Otegi. Sartu zenean bezain sozialista eta are independentistago bihurtu du kartzelak, dio. Eta, azken orduetako adierazpenei keinua eginez, bota du: "Lehendakari onena, herria!".