ESKUALDEETAKO BOZAK. EMAITZAK. Akitaniak ezkerraren eskuetan jarraituko du 2014ra arte

Ezkerreko aliantzak, bozen %56,34 lorturik, Kontseiluko 85 aulkietarik 58 dauzka; eskuinak, 17, eta zentristek, 10

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
PS-Europa Ekologia-Ezkerreko Frentea ezkerreko aliantzak bozen %56,34 lorturik, beste lau urterentzat ezkerraren esku geldituko da Akitania. Erraz nagusitu zaio %28 lortu duen UMP eskuinari, eta %15,65 lorturik, hirugarren den Forces Aquitaine Modem alderdi zentristaren inguruko hautagaitza. Ipar Euskal Herrian ere bozen %45 lortuz ezkerra nagusitu da, %29,88 eginez UMP bigarren, eta %25,07 lorturik, Forces Aquitaine dela honetarik hurbil.

Ezkerreko aliantzak 58 aulki eskuratu ditu, eskuinak 17 eta zentristek 10. Pirineo Atlantiko mailan 17 aulki eskuraturik, Ipar Euskal Herriarentzat guztira 7 ordezkari daude: ezkerrarentzat 4 izanki PSko orain arte kontseilari zeuden Sylviane Alaux eta Frantxua Maitia, eta Mathieu Bergereta Europa Ekologia zerrendan den Alice Leiziagezahar dira ordezkari berriak. Forces Aquitaineko Jean-Jacques Lasserrek eta Michel Veunak, eta UMPko Alain Lamassourek ere kontseiluan lekua segurtaturik daukate.

Ezkerreko Fronteak ez du euskal ordezkaririk Bordelen. Pirineo Atlantiko mailan ere ez dute lortu eta negoziaketetan daude sozialistekin, departamendu mailan kontseilari bat lortzeko.

Beste lau urterentzat Alain Rousset sozialista izango da Kontseiluko presidente. Duela hamabi urte hartu zuen postua, eta hirugarren mandatua dauka beraz.

Abstentzioari doakionez, lehen itzulian baino ahulagoa izan da, % 52,73. Iparraldean %49,70eko parte hartzearekin ahula izan bada ere, lehen itzulian baino hautesle gehiagok bozkatu dute.

Eskuina galtzaile

Hauteskunde hauetako galtzaile nagusia eskuina izan da. Hain zuzen, 2004ean UDF (garaiko Modem) zentristekin batera aurkeztuz %41,08 lortu, eta guztira 21 aulki eskuratu zituzten, hots, aldi honetan baino lau gehiago. Alain Lamassoure Pirineo Atlantikoko zerrendaburuak frantziar gobernuaren buru den bere alderdiaren «ezin ukaturiko porrota gogorra» dela aitortu du. Frantziar gobernuak martxan emandako hainbat arlotako erreforma eta egitasmoak ikusirik, hautesleek «etsipena» adierazi dutela uste du. Ekonomiari lehentasuna emateko beharra sendi dela dio hautagaitzak.

Ipar Euskal Herriari doakionez, bakarrik Donibane Lohitzuneko kantonamenduan du gehiengoa lortu. Bestalde, Lapurdiko hainbat hirietan eskuinak lortu emaitzak «porrota» honen isla dira. Adibidez, Angelun, hau da Lamassouren hirian %50,28 eginez sozialistak dira lehen agertu, UMPk %33,94 eginez bigarren dela;Baiona hirian ere sozialistek %53,67 eginik, eskuina bigarren gelditu da. Hori dela eta eskualdeko UMP zerrenda buru zen Xavier Darcosek gobernuan daukan kargua utzi behar luke. Hain zuzen, gaur arte zeukan Lan ministro kargua Eric Woerth Aurrekontu ministroak hartuko du.

Emaitza hauek aurre ikusirik eta ezkerrari aurre egiteko asmoz, bigarren itzulirako «eskua luzatu» zion Forces Aquitaine zerrenda buru den Jean Lassallei baina, honek «garena geldituz bakarrik» aurkeztuko zirela argi utzi zuen.

Lehen aldia zuten zentristek bigarren itzulian bakarrik zeudela eta herri askotan sorpresa sortu dute. Erran daiteke Frantzia mailan %4 lorturik Modem alderdi zentrista ahul bada, gure eskualdean benetako indar politikoa dela. Batez ere Pirineo Atlantikoen departamenduan, UMP baino %0,87 gutxiago eginik, arras hurbil gelditu delako. Ipar Euskal Herrian ere emaitza onak lortu ditu, Nafarroa Behereko kantonamendu gehienetan bozen %40 inguru lorturik, lehen posizionatu delako.

85 kontseilari hauek lau urterentzat daude beraz Akitaniako Kontseiluan. Hain zuzen, Nicolas Sarkozy frantziar presidenteak bultzaturiko lurralde berrantolaketaren erreformak 2014rako kontseilarien desagerpena dakar. Erreforma horren bitartez, Akitaniako Kontseilua eta departamenduak mantenduko dira. Baina bozkatzerako garaian, Lurralde kontseilariak hautatuko dira. Eta Lurralde kontseilaria bi kontseiluetarako izango da hautatua.

49,70

Abstentzio handia. Igandeko bigarren itzulian hautesleen %49,70ek bozkatu zuen Ipar Euskal Herrian. Halere, lehen itzulian baino gehiago izan ziren. Alabaina, martxoaren 14an Ipar Euskal Herriko %47,89k bozkatu zuten. 2004an, lehen itzulian, %61,43k.

«Zer egin duzue Jonekin?» galdetu diote Alliot Marieri

Michele Alliot-Marie Frantziako Justizia ministroa Donibane Lohizuneko hautetsi dela eta, igande goizean hango herriko etxean izan zen. Memento berean, udaletxetik hurbil dagoen Louis XIV. plazan, hogei bat pertsona elkartuak ziren Jon Anzaren heriotza salatzeko: Jon assasine. Nous voulons la verite. Herriak ez du barkatuko (Jon eraila, egia nahi dugu) zioen pankarta atxikitzen zuten. Michele Alliot-Marie herriko etxetik ateratzean, bere ondora hurbildu ziren «zer egin duzue Jon Anzarekin?» galdetzeko lasaiki. Autora sarturik ministroa, bizkartzainek eta poliziek ez zituzten utzi ministroaren autora hurbiltzen manifestariak. Hor gelditu ziren, ministroaren autoak ziztu bizian lekuak hustu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.