Ipar Euskal Herrian bozen %25,94 lortuz eta Akitanian %37,63 lortuz, PS alderdi sozialista atera da eskualde hauteskundeetan lehen indarra. Sozialisten ondotik, Akitanian 15 puntuz atzerago eta Ipar Euskal Herriari doakionez 3 puntutara, UMP alderdia izan da bigarren.
Baina bigarren irabazle bat ere izan da: abstenzioa. Hain zuzen, euskal hautesleen %47,89 agertu ziren bozka bulegoetara; 2004an, %61,43 izan ziren.
Frantzian %4 eginez, ahul atera bada Modem alderdi zentrista; Akitanian, %10,43 eginez, bigarren itzulia segurtatua zaion eskualde bakarra da. Modemen inguruan osatu Forces Aquitainedepartamendu mailako zerrendan, buru da Jean Jacques Lasserre Bidaxunekoa (Nafarroa Beherea), eta emaitza ona lortu du batez ere Ipar Euskal Herri barnealdean; Zuberoan, bigarren izan da, eta, Nafarroa Beherean, lehena. «Sekulako emaitzak eginik, izigarri pozik» agertu da Lasserre, eta azaldu du bigarren itzulira aliantzarik egin gabe, «garena izanez» aurkeztuko direla.
Beraz, bigarren itzulira, PS, UMP eta Forces Aquitaine dira aurkeztuko, Akitanian %10, hots, bigarren itzulian aurkezteko beharrebesteko boz kopurua gainditu dutelako.
Haatik, Berdeek, RPS Eskualde eta Herri Solidarioak federazioak (EA barne) osaturiko Europa Ekologia zerrendak %9,75 lortuz, espero baino emaitza ahulagoa izan du. Hain zuzen, 2004an alderdi sozialistarekin aurkeztu baziren Berdeak, aurten bakarrik aurkezteko hautua egin dute. Arrazoin bakarra ez bada ere, AHT egitasmoari buruzko desadostasunarengatik ezin bateratuak ziren.Kontseiluko presidenteordeak (Berdeak)eta hautagaitzan aurkeztu den Jean Lissarek dio «ohorezko emaitza» izan dutela Ipar Euskal Herrian (%11,85) eta batez ere tren egitasmoaz hunkiak dauden herrietan -besteak beste Hiriburun %21,20 eta Milafrangan %25-. «Dolua» ere adierazi du Abertzaleen Batasuna ez haiekin aurkeztu izanaz; «gurekin aurkeztu baziren, %10 lortuko genuelako». Frantzian, PS eta Europa Ekologiaren arteko aliantza akordioa lortu zela jakinarazi zuten sozialistek barda. Hala ere, Akitanian, atzo gauean aliantza lortzeko negoziaketak ez ziren oraindik bukatuak. Barda gauerdiko, adostasun batera heltzea espero zuen Lissarrek. Hain zuzen, gaur 18:00etan aurkeztu behar dira bigarren itzulirako zerrendak.
Bestalde, aitzineko bozei konparatuz, Fronte Nazional eskuin muturraren emaitza ahulagoak ohartaraz daitezke, ikusirik Ipar Euskal Herrian 2004an %7,63 egin eta aurten %5,41 egin duela.
Ezkerreko Alderdia eta PCFren artean osaturiko Ezkerreko Frontearen hautagaitzak Ipar Euskal Herrian %4,21 egin badu, Akitanian %5,95 eginik bigarren itzulirako aliantza bat egiteko aukera dauka. Haatik, Akitanian urrun gelditzen dira NPA alderdi antikapitalista (%2,52) eta Lutte Ouvrierealderdi troskista (%0,79). 2004an, elkarturik aurkeztu ziren, eta %4,22 erdietsi zuten.
Abertzaleak pozik
Abertzaleen Batasuna eta Batasunaren artean osaturiko EH Baikoalizioa «pozik» agertu da, ikusirik 4.000 bozez gora egin eta hautesleen %4k protesta boza adierazi dutela. Hautagaitzak adierazi du emaitza horrekagerian utzi duela azken asteetako aktualitateak, hots, Jon Anzaren hilotzaren aurkikuntzak «Euskal Herriko jendartearen baitan sortu duen haserrea». Bestalde, zerrendak azaldu du abstentzio azkarrek «hurbiltasun instituzionalaren beharra» islatzen duela, hots Ipar Euskal Herriarendako berezko instituzio baten beharra.
EAJk osaturiko Euskadi Europan hautagaitzak Ipar Euskal Herrian %6,6 eginez, hots 6.300 bat boz ukanez, «oso pozik» daudela adierazi du zerrendaburu den Jean Telletxeak. Lehen aldia izan da eskualdeetarako aurkezten direla eta lorpen hori «herritarrei mintzo den programa errealistari» esker dela dio. Beste alderdiek Ipar Euskal Herriari doakion programarik ez dutela ohartarazi du. EH Bairekin alderatuz, ohartarazi du ere «eraikuntza dinamismo batean» direla, «eta ez protestan». Bigarren itzuliari buruz, boto konsigna ez du baztertzen; «beharbada», Forces Aquitaine izan liteke, hainbat adostasun izanki.
ESKUALDEKO BOZAK. EMAITZAK. PSk, UMPk eta Forces Aquitainek bigarren itzulia segurtatua dute
Akitanian bezala, Ipar Euskal Herrian sozialistak nagusitu dira %25,94 eginez; UMP, bigarren; eta zentristak, hirugarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu