Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondorena

Eskubide sozialak babesteko eta erabakitzeko eskubidea onartzeko eskatuko dio Iglesiasek Rajoyri

Ortuzarrek zehaztu du EAJ Espainiaren gobernabidean engaiatuko dela "euskal herritarren eskubideak aitortzen badira".

Pablo Iglesias, hauteskundeen biharamunean. EMILIO NARANJO / EFE
2015eko abenduaren 24a
11:58
Entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ostean, alderdietako ordezkariekin biltzen hasi da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PPko hautagaia. Asteazkenean, Pedro Sanchez PSOEko hautagaiarekin batzartu zen, eta astelehenean elkartuko da Podemoseko Pablo Iglesiasekin eta Ciudadanoseko Albert Riverarekin.

Bilera horretan Iglesiasek esango dituenaren xehetasun batzuk eman ditu Eduardo Maura Ahal Dugu-ko Bizkaiko hautetsiak. Haren arabera, Iglesiasek Rajoyri eskatuko dio eskubide sozialak "blindatzeko", Espainiako Konstituzioan erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta Hauteskunde Legea erreformatzeko.

PSOEren inguruan, berriz, Maurak nabarmendu du alderdi barruan "kontraesanak" dituztela eta Sanchez ez dagoela "oso aktibo".

EAJk sei diputatu eskuratu zituen bozetan, eta garrantzitsuak izan daitezke gobernuburu bat izendatzerakoan. Asteartean, Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ziurtatu zuen jeltzaleek ez dutela Rajoyren inbestidura babestuko. Adierazpen horiek ñabartu, eta esan du EAJ Espainiaren gobernabidean engaiatuko dela "euskal herritarren eskubideak aitortzen badira". Ildo horretan, "Euskadiren aitortza nazionala", alde biko harremanak, estatus berri bat eta Kontzertu Ekonomikoaren aurkako "erasoen itzalik" ez egotea exijitu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.