politika

Eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuko dituzte larunbatean Gasteizen

Ekaitz Samaniegoren aldeko manifestazioa izango da.

2012ko urtarrilaren 10a
13:53
Entzun

Ekaitz Etxean! kolektiboak Ekaitz Samaniego gaztearen aldeko manifestazioa deitu du larunbat honetarako (Gasteiz, 19:00, Iparralde Gizarte Etxea), baina ez da soilik haren egoera salatzeko martxa izango; oro har, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuko dituzte.

Samaniego (Gasteiz, 21 urte) une batetik bestera atxilo dezakete, zigorra betearazteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak zazpi urte eta erdiko zigorra ezarri eta Gorenak urtebete gehiago erantsi zion, ustez Segi gazte erakundeko kide izateagatik eta kale eraso batean parte hartzeagatik. Gazteak ukatu egin ditu salaketak, eta defentsak haren aurkako frogarik ez dagoela berretsi du.

"Ez da bidezkoa Ekaitzi egiten diotena, ezta kartzeletan epaiketa politikoen ondorioz 120 pertsona baino gehiago gatibu egotea edo beste 180 epaiketaren zain egotea ere", esan du gaur aipatutako kolektiboak, prentsaurrekoan. "Larunbatekoa urrats handiago bat egiteko deia da, eta gonbitea luzatzen diogu eskubide zibil eta politikoen defentsa guztion ardura dela uste duen orori, nahikoa dela uste duen orori. Hau hasiera da, ez bukaera". 

Manifestazioaren amaieran parte hartze politikoa aldarrikatzeko ekimen bategatik 88 urteko kartzela zigor eskaera jasoa duten Laudioko 21 lagunen kasua aipatu, eta "sinbolikoki lekukoa" emango diete.

Abenduaren bukaeran Samaniegori elkartasuna adierazteko Gasteizko Los Angeles elizan itxialdia egin zuten 70 bat lagunek. Gaztea bera han izan zen, baina gero ezkututatu egin zen, atxilo ez dezaten eta "bidegabekeria hau agerian uzteko". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.