Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Eskubideak ikur hartuta

EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzaren lehendakarigai gisa lehen agerraldia egin du Pili Zabalak. «Sentsibilitate politiko guztiekin» hitz egiteko asmoa agertu du. Bideoa: Pili Zabalaren agerraldia (Gorka Rubio, Argazki Press). [YouTube]https://youtu.be/w--GVOu-hPo[/YouTube]

ander perez zala
2016ko uztailaren 22a
11:55
Entzun

Pili Zabalak«etorkizuneko» proiektua aurkeztu du. Helburu nagusia «giza eskubideak eta eskubide sozialak bermatzea» izango du. EAEko Ahal Dugu-ren zuzendaritzak primarioetarako lehendakarigai gisa proposatuta lehen agerraldia egin du, Donostian, Eusko Legebiltzarrerako udazkeneko bozei begira.

Estreinako agerraldian, Nagua Alba idazkari nagusiaren eta Lander Martinez Antolaketa idazkariaren babesa izan du, eta Albak esan du ideia asko dituztela komunean: «Azken hilabeteetan Ahal Dugu-k egin duen bidearekin koherentea den pertsona bat da Pili Zabala, eta Euskadirentzat nahi dugun proiektua irudikatzen du». Horrez gain, Albak haren profila nabarmendu du, «independentea, euskalduna eta emakumezkoa» delako. «Emakumea izatea oso garrantzitsua iruditzen zait, emakume gehiago behar direlako politikan». Baina, ideia guztien gainetik, idazkari nagusiak nabarmendu du Zabala «etorkizuneko» hautagai bat dela, eta «justiziazko etorkizun inklusiboa» sortzeko gai den soslaia duela.

Zabalak azaldu du «guztiz» identifikatua dagoela aurkeztu dioten proiektuarekin: «Neurea bezala sentitzen dut. Eskubide sozialak eta giza eskubideak defendatuko ditugu». Proiektua aurrera eramateko modu eraginkorrena erakunde publikoetan sartzea dela deritzo. Horrekin batera, adierazi du hautagaia izateko eskaintza onartu izanaren beste pisuzko arrazoietako bat izan dela «Ahal Dugu-n parte hartzen dutenen profilak ibilbide ezberdinetakoak» direla, «askotarikoak eta aberatsak». Hartu duen erabakiarekin, espero du emakume gehiagok politikarako saltoa egitea. Bizikidetza eta bakea ere izan ditu hizpide: «Hamarkada askoan ehunduta egon den gizartea da hemengoa; zauri txiki eta handiak sendatu eta zaindu egin behar ditugu, balio etiko eta gizatiarrak kontuan hartuta».

Erkidegoko udazkeneko hauteskundeei begira, galdera batzuei erantzunez Zabalak argi utzi du ez dela politikan sartuko «inor boteretik kentzeko, ezta beste alderdiei botorik kentzeko ere». «Helburua gure proiektua ezagutaraztea da», eta boto-emaileak konbentzitzea Ahal Dugu-ren alde bozka dezaten. «Sentsibilitate politiko guztiekin» hitz egiteko asmoa du, eta horiekin batera lan egitekoa, «arazo eta buruhauste guztiak denen artean» konpontzeko. Azpimarratu du inor baztertuko ez duen egitasmo bat nahi duela. «Badakit-eta zer den baztertua sentitzea. Sentimendu guztiak errespetatu behar ditut eta errespetatu behar dira». Halaber, garrantzitsutzat jo du «klientelismoa» deuseztatzea, eta uste du denek aukera berdinak izan behar dituztela.

Bere profilari buruz ere mintzatu da, eta nahiz eta aitortu duen gizarteak gehienbat gertaera batengatik ezagutzen duela —GALen biktima Joxi Zabalaren arreba da—, ohartarazi du beste hainbat alderdi dituela, eta bere helburuetako bat gizarteari alderdi horiek ezagutaraztea izango dela. Haren ustetan, «gizarte zibileko jendea» behar da politikan. Uste du nahikoa esperientzia duela ezaugarri horiek dituela kontsideratzeko; izan ere, Zabalak hainbat alorretan egin du lan. Besteak beste, aipatu du 24 urterekin enpresa bat sortu zuela, odontologia ikasi duela, hezkuntza sustatu duela eta Osakidetzan lan egin duela. Beraz, enpresa «publiko zein pribatuei» buruzko ezagutza duela gogorarazi du.

Hilaren 27tik 31ra barne hauteskundeen kanpaina egingo dute hautagaiek, eta 29tik 31ra artean bozkatzeko aukera izango dute Ahal Dugu-ko kideek, Internet bidez. Lander Martinez Antolaketa idazkariak azaldu duenez, ia 17.000 lagun daude izena emanda alderdian. «Espero dugun parte hartzea %20koa da, aurreko primarioetan bezala». Zabala edo Kaliangora ildo kritikoaren hautagai Juan Luis Uria aukeratu beharko dute. Zuzendaritzak abuztuaren 1ean emango du emaitzen berri; horien artean, lehendakarigaiarena eta hauteskunde zerrendena.

Iglesiasen «miresmena»

Podemosen idazkari nagusi Pablo Iglesiasek azaldu du «miresmena» diola Pili Zabalari, eta uste du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazteko «aukera handia» duela. «Lehendakarigai hautatzen badute, ohorea izango da guretzat. Hala ere, neutrala izan behar dut, oraindik primarioak egin behar dituzte eta». Iglesiasek adierazi du Zabala «bizikidetzaren, biktimekiko konpromisoaren eta memoria historikoaren aldeko» eredua dela. Uste du, gainera, «elkarbizitzan oinarritutako etorkizun baketsua» irudikatzen duela hark.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.