Ekimenerako prestatutako aretoa bete egin zuten eragileetako 50 bat ordezkarik. Baina aulki bat hutsik zegoen. Askapena zuen idatzirik paperean. Hain zuzen, talde internazionalistako ordezkariak bete behar zuen eserlekua, baina Espainiako PoliziakAskapenako kideak atxilotu zituen atzo goizaldean bertan, Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta agerraldian izatekoak zirenak inkomunikatuta zituzten. Eragileen ustez, agerraldian salatu behar zituzten eskubideen urraketen beste adibide bat izan zen atzoko operazioa.
Aulki hutsaren zergatia azalduz hasi zuten agerraldia eragileen ordezkari lanetan aritu ziren Lorea Bilbao abokatuak eta egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean Udalbiltzaren aurkako auzian epaitzen ari diren Lander Etxebarriak: «Hemen izatekoak ziren, gu guztiok bezala, Euskal Herrian inor gehiagok bere giza eskubideak eta eskubide politiko eta zibilak urratuak izan ez ditzan konpromiso irmoa hartua baitzuten». Atxilotuei elkartasuna adierazi, eta horiek «berehala» askatzeko eskatu zuten.
«Loratzen ari den hazia»
Atzo bildutakoak «sendo loratzen ari den eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduaren hazia» direla seguru daude; herri mugimenduak baduela ahalmen hori. Azaldu dute ez direla «esparru homogeneoa», eta nabarmendu dute partaideen artean «ideologia ugari» daudela eta hainbat «pentsaera eta kultura sozialetatik» datozela.
Baina azken hilabeteetan «premia bizi batek» batu dituela diote: «Eskubide guztien jabetza osoa izatea pertsona eta kolektibo orok, inolako bazterketa eta salbuespenik gabe, Euskal Herri osoan». Behar horren inguruan bildu eta «nortasun handiko mugimendua» osatu dutela azaldu dute; mugimendu «bizia eta parte-hartzailea» dela, «ahotsik gabekoen ahotsa, milaka herritar anonimoen indar higitzailea».
«Autoritarismoaren zentsura»
Irailaren 11n giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztien alde egitekoak ziren manifestazioak debekatu izana salatu dute eragileek: «Estatu autoritario baten zentsurarekin topo egin zuen herritarren adierazpen libreak». Debeku horien aurka izandako erantzuna, berriz, «paregabea» izan zela uste dute, «ordura arteko era guztietako eragileen inplikazioa areagotu egin baitzen ordu gutxiren buruan». Eta irailaren 11n bertan, Kafe Antzokian, «geldiezina den mugimendu bat» ikusi zela ohartarazi dute.
Orain, debeku horien aurka, urriaren 2rako beste manifestazio baterako deia egina dagoela gogoratu dute Bilbaok eta Etxebarriak, eta ezbairik gabe egin dute bat deialdiarekin, «horrek indartu egingo baitu orain arte lortu dugun adostasun zabal eta landua».
«Oraingoan, bai»
Irailaren 11ko manifestazioan eskatu nahi ziren eta larunbatean aldarrikatuko diren eskubideen zerrenda gogora ekarri, eta «oraingoan, bai», esan zuten «irmotasun osoz»: «Oztopo guzti-guztien gainetik, Bilboko kaleak beteko ditugu».
Beraz, manifestazioarekin bat egiteko eta parte hartzeko deia egin zieten kolektiboei eta herritarrei; «hasitako bidea geldiezin egiteko deia».
@Informazio gehiago bildu edo atxikimendua eman nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
debekurikez/blogspot.com
Eskaerak
ESKUBIDE GUZTIAKEgoera berria. Salbuespenezko eta bortxakeriazko egoera eta ekintza oro gaindituz.
Eskubide zibil eta politikoak, giza eskubideak. Bizitza eta askatasuna. Euskal presoak Euskal Herrira, zigorra bete dutenak eta gaixo daudenak kalera. Inkomunikazioa eta tortura gelditu. Adierazpen askatasuna: proiektu eta aukera guztiak. Alderdi eta erakundeen legalizazioa.
Atxikimenduak
AAMAbante Konpartsa
Ahaztuak
Alternatiba Gazteak
Anitzak
Askapena
Bai Euskal Herriari
Bilgune Feminista
Boltxe Kolektiboa
CNT
Eguzki
Elkartzen
Emakume Internazionalistak
Esait
Eskubideak
Etxerat
Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herriak Bere Eskola
Ezker Gogoan
Gazte Abertzaleak
Gazte Independentistak
GaztHerria
Gernika Batzordea
Gite-Ipes
Giza Eskubideen Behatokia
Hontzak Konpartsa
Ikasle Abertzaleak
Iratzarri
Kaskagorri Konpartsa
Komantxe Konpartsa
Komite Internazionalistak
Lau Haizetara Gogoan
Lokarri
Mekaguen Konpartsa
Pa... Ya Konpartsa
Salhaketa Bizkaia
Sare Antifaxista
Torturaren Aurkako Taldea
Txori Barrote Konpartsa
Udalbiltzako auzipetuak