ESKUBIDEEN ALDEKO MANIFESTAZIOA BILBON. ERREAKZIOAK. Debeku ororen gainetik, aurrera egiteko asmo sendoa

Prozesua ez trabatzeko eta herritarren bake nahia aintzat hartzeko eskatu diete Paris eta Madrili Bilbon izan diren alderdi gehienek

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bilboko kaleak mukuru bete zituen manifestazioa abiatu aitzin egin zituzten adierazpenak deialdiarekin bat egin zuten alderdi politiko eta sindikatuetako eledunek. Aurrena Adierazi EH plataformak eta ondoren zenbait alderditako ordezkariek deitutako manifestazioetan parte hartzeko asmorik ez zuten alderdi batzuek; Ezker Batuak, haien artean. Alabaina, deialdi horiek debekatzea «bidegabekeria» izan zela iritzita, herritar talde batek debekuen aurka atzo deitutako ekitaldian parte hartzea erabaki zuen EBk, presidentetzarako bozeramaile Mikel Aranak esan zuenez. Hamaikabatek ez beste alderdi abertzale guztiek babestu zuten manifestazioa.

Joseba Egibar
EAJ
«Giza eskubideen aldeko deialdi bat izanda, EAJ ezinzen kanpoan geratu»

«Herritar talde batek manifestaziorako deialdia egin zuenean garbi geratu zitzaigun erabaki bat hartu behar genuela debekuen inguruan. Deialdiaren lema egokia iruditu zitzaigun. Eta debekuen aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa izanik, deialdia defenditu behar genuela iruditu zitzaigun. Horri gehitzen badiogu eskubide zibil eta politikoak, eta oro har, giza eskubideak aldarrikatzeko deialdia ere badela EAJk ez du zertan manifestazio honetatik kanpo geratu».

Marian Beitialarrangoitia
Ezker abertzalea
«Blokeoa gainditzeko eta fase berri batean sartzeko modu bakarra da kalera ateratzea»

«Zalantzarik gabe manifestazio honek berebiziko garrantzia dauka. Herri honek nahi du eta behar du fase berri batean sartu, eta horretarako, premiazkoa da herria bera kalera ateratzea eta aldaketa eskatzea. Blokeoa gainditzeko modua da. Hau da, fase berri horretan bete-betean sartzea ukatu nahi digutenen jarrera aldarazteko garrantzitsua da herritarrak kalera ateratzea. Horregatik, animatu nahi ditugu datozen aste edota hilabeteetan etor daitezkeen honen moduko beste ekimen batzuetan ere parte hartzera».

Josu Murgia
Aralar
«Espainiako Gobernuari zein ETAri eskatzen diegu urratsak egin ditzaten bakebidean»

«Ozen esan nahi dugu euskal gizartea nazkatuta dagoela horrenbeste debeku eta inposaketarekin. ETAri, Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Rodolfo Ares jaunari eskatzen diegu indarkeria eta debekuak bertan behera utz ditzaten, eta urratsak egin ditzaten bakebidean beharrezkoak diren tresna eta prozedurak martxan jartzeko. Alderdi sozialistak garai batean bat egiten zuen gaur hemen aldarrikatzen ari garen leloekin. Ezin zaizkie hain arrotzak egin, horrenbestez».

Pello Urizar
Eusko Alkartasuna
«Argi geratu da, debekuak debeku, gizarteak aurrera egiteko asmo sendoa duela»

«Ilusio handiz etorri gara Bilbora, gaur hemen argi geratuko baita gizarteak baduela aurrera egiteko asmo sendoa. Debekuak debeku, aro berria batean sartzen ari garela argi dago, eta pozgarria da. Espainiako Gobernuari eskatu behar diogu debekuak eta ezezkoak alde batera uzteko, eta euskal gizartearen eskakizunak aintzat hartzeko. Utz ditzala iraganeko jokabide zaharkituak, eta bat egin dezala euskal gizartean piztu den ilusio eta gogoarekin. Gaurkoa aurrerapauso bat da, batzuek gustuko izan zein ez. Eta aurrerantzean ere lanean jarraituko dugu halako ekimenek aurrera egin dezaten».

Mikel Arana
Ezker Batua
«Edozein proiekturen gainetik egon behar du eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeak»

«Manifestazio eskubidearen debekuaren aurrean ezkerreko inor ezin daitekeela geldirik geratu uste dugu; eta, horregatik, ulertzen dugu eskubide zibil eta politikoen aldarrikapenak edozein proiektu politikoren gainetik egon behar duela. Eta aldarri hau alderdi abertzaleek eta ez abertzaleek elkarrekin egiten dugun egunean, orduan emango dugu, benetan, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko pauso erraldoi bat».

Oscar Matute
Alternatiba
«Ezinbestekoa da herritarrak jabetzea beraiek dutela bakeeta normalizaziorako giltza»

«Bilbora etorri den jendea zoriondu beharrean gaude. Manifestazio eskubidea eta eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimena da hau, eta garrantzitsua da gizartearen babesa edukitzea. Alternatibaren baitan uste dugu herritarrek dutela bakea eta normalizazio politikoa lortzeko giltza, eta horregatik, ezinbestekoa da jendea horretaz jabetzea eta horren alde lan egiteko prestasuna edukitzea. Beraz, tankera honetako manifestazioak urrats garrantzitsua dira herri honek behar duen bakebidean. Bakebide horren ondorioz iritsiko gara normalizazio politikora, eta egongo dira bermatuak herritar guztien eskubide zibil eta politikoak. Horretarako ere behar-beharrezkoa da ETAk su eten iraunkorra eta egiaztagarria ematea. Alternatibak lanean jarraituko du gertaerak noranzko horretan harilkatu daitezen».

Mertxe Colina
Abertzaleen Batasuna
«Ikuspegi guztiak azaltzeko eta elkarrekin lan egiteko garaia dugu»

«Oso pozik gaude ikusita manifestazio hau egitea posible izan dela. Irailaren 11ko hura debekatu zutela salatu nahi dugu. Gaur egun ez dago ez beste baldintzarik ez beste eremurik eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko, eta erran nahi nuke egiazki ez dagoela eskubiderik horrelako deialdi bat debekatzeko. Ikuspegi guztiak azaltzeko eta elkarrekin lan egiteko garaia dugu, Euskal Herriari zor dioguna behingoz eman diezaiogun. Blokeoa gainditzeko unea da, eta blokeoa hasten da manifestazio bat debekatzen duten unean bertan. Eta hori gainditzeko bidea ere hasten da denok elkartzen garen unean bertan. Hemen falta dira batzuk, baina gero eta gehiago gaude».

Ainhoa Etxaide
LAB
«Herritarrek eragileei emaniko bultzadatik etorriko dira herri honek behar dituen akordioak»

«Hiru gauza azpimarratu nahi ditugu. Lehenik eta behin, elkargune ona aurkitu dugu hemen Euskal Herriko ia eragile guztiek eskubide zibil eta politikoak Euskal Herri osoan errespetatuak izan daitezen lan egiteko. Urrats handia da gure bidea eskubideetan oinarritutako bidea izatea nahi dugunontzat.

Bigarrenik, herritarrak dira Estatuari esan diotenak ez daudela prest bide hau errepresioaren bidez zapuzten uzteko, eta horrekin batera, bultzada nabarmena eman diote gaur Bilbora etorrita.

Hirugarrenik, dei egiten diegu herritarrei hemen bildu garen eragileoi konpromiso berriak har ditzagun eskatzen jarraitzeko, urrats horietatik etorriko baitira ezinbestean Euskal Herriak behar dituen akordioak».

Adolfo Muñoz
ELA
«ETAren jarduna ezin da aitzakia izan eskubide batzuk urratzeko edo ez defenditzeko»

«Herritar eta eragile guztientzako eskubideak aldarrikatzera etorri gara manifestaziora. Estatuak oztopo ugari jarri ditu euskal gizartearen oihua entzun ez zedin, eta alde horretatik, borroka bat irabazi dugula esan behar dugu, Bilboko kaleak lepo betetzea lortu baitugu.

Estatuaren atzean Espainiako Gobernua dago, eta horren barruan daude [Jose Luis Rodriguez] Zapatero eta [Alfredo Perez] Rubalcaba. Eta gogoratu behar dugu GALen garaian ere izan zela ministro Rubalcaba. Oztopoak etengabeak izango direla badakigu. Horregatik, garrantzitsua da poliki-poliki gaindituz joatea, eta hein berean, herritar eta eragile guztientzako eskubide zibil eta politikoak lortzen joatea. Etorkizunari begira itxaropentsu gaude, jakin badakigulako Bilboko manifestaziora etorri den jendeak indarra eta lana egingo duela, eta babestuko gaituela bakebidean urratsak egin ditzagun. Abiarazi berri dugun prozesuak amaiera egoki eta ona izan dezan guztiok gara beharrezkoak, eta ELAk indar bereziz lan egingo du gauzak horrela izan daitezen.

ETAren jardunak ezin du aitzakia izan eskubide jakin batzuk urratzeko edo ez defendatzeko. Eskubideek ororen gainetik egon behar dute. Eskubideak defenditu behar dira, tokia eta baldintzak edozein direla ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.