Politika

Eskubideen aldeko manifestazioa debekatzeko eskatu du berriro Fiskaltzak

"Lege iruzurra" dela iritzi dio. Adierazi EH ekimenaren deialdia debekatu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta horren ostean eskubideen aldeko beste manifestazio bat antolatu zuen biharko herritar talde batek.

2010eko irailaren 10a
18:24
Entzun
Bihar Bilbon eskubideen aldeko manifestazioa egiteko deialdia egin zuen atzo arratsean herritar talde batek, Espainiako Auzitegi Nazionalak Adierazi EH herri ekimenak antolatutako galarazi ostean. Bigarren deialdi hori ere auzitan dago, ordea, Fiskaltzak galarazteko eskatu baitu berriro, "lege iruzurra" dela iritzita.

Fiskaltzaren arabera, atzo herritar taldeak egindako deialdiaren helburua eta Adierazi EHk egindakoarena "berberak" dira, eta "EA eta Aralarren gisako legezko erakundeak baliatu nahi ditu beste batzuen legez kanporatzearen eragina saihesteko".

Atzo Ismael Moreno epaileak erabaki zuen Adierazi EHk Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan lelopean antolatutako manifestazioa debekatzea, Adierazi EH "Batasunaren ordezko huts bat" dela eta "ETAren agindutara" dabilela argudiatuta.

Galarazpen horren berri jaso ostean berriro ere manifestaziorako deia egin zuen herritar talde batek, aurrekoa bezala Bilbon, ordu berean, baina beste lelo batekin eta beste ibilbide batekin. Jatorri politiko desberdinetako jendea dago herritar horien artean, besteak beste, Sabin Intxaurragako EAko kide eta Jaurlaritzako sailburu ohia.

Adierazi EH ekimenarekin askotariko alderdi politiko eta eragilek bat egin dute, hala nola, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak, ELA, LAB eta Lokarrik. Era berean, deitzaileen artean dira PSNko Ainhoa Aznarez edo CCOOko Jesus Uzkundun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.