Lurra mugitzen ari da Esako urtegian. Ebroko Ur Konfederazioak berak erran du, plazaratutako prentsa ohar baten bitartez. Eskuineko hegala egonkortzeko beharra onartu du erakunde horrek, azken egunotako euriteen ondorioz lur mugimenduak izan direlako. Konfederazioak, hala ere, garrantzia kendu nahi izan dio egoerari: eskuineko hegal hori egonkortzeko lanak lehendik ere aurreikusita zeudela erran du, batetik; eta, bertzetik, eskuineko hegalean lur mugimenduak "betidanik" egon direla erantsi du.
Hegaleko lurren mugimendua "hagitz mantso" gertatzen ari dela azaldu du Ebroko Ur Konfederazioak. Azterketak "ohikoak" direla gaineratu du, eta, ondorioz, "azkar" egin ahal izan dietela aurre gertatu diren "aldaketei". Urtegia handitzeko lanek aurrera jarraitzen dute Esan. Lan horien ondorioz, hain zuzen ere, hainbat luizi eta pitzadura gertatu dira jada urtegiko bi hegaletan. 2006. urtean lur mugimendu handia gertatu zen, adibidez, ezkerreko hegalean. Gertatutakoa ezkutatzen saiatu zen Ebroko Ur Konfederazioa, baina berria komunikabideetara ailegatu zen, azkenean. Handik urtebetera Esa handitzeko lanen aurkako plataforma sortu zuten Zangozako (Nafarroa) herritarrek.
Artiedan ere (Aragoi, Espainia), urtegia handitzeko lanen aurka lanean aritu dira hango herritarrak azken hiru hamarkadetan, Rio Aragon elkartearen eskutik. Eta lanean jarraitzen dute. Ebroko Ur Konfederazioak berak onartutako azken lur mugimenduei buruz, kezka agertu dute Rio Aragon elkarteko kideek, hain zuzen ere. Konfederazioaren azalpenak "faltsutzat" jo dituzte, eta herritarren bizitza "arriskuan" jartzen dutela salatu dute. Elkarteko kideen hitzetan, lur mugimenduak eskuineko hegala egonkorra ez delako gertatu dira, ez, ordea, euriteen ondorioz. Hori dela eta, urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko eskatu dute.