Eztabaidatzeko momentu «aberatsa» izan zen herenegun Hautetsien Kontseiluak egin biltzar nagusia; haatik, ez zuten erabakirik adostu. Zehazki, euskal lurralde elkargoaren gibelean zer-nolako instituzio eskaera kokatuko duten eztabaidatzen aritu ziren kasik hiru orduz. Nahiz ezer ez erabaki, eskumen bereziak lituzkeen euskal departamendu baten inguruko nahia nagusitu zen. Eskakizuna erabakitzeko bilkura berezi bat finkatuko dute ondoko asteetan.
«Eskualdearen eskumen batzuk lituzkeen departamenduaren inguruan adostasun orokorra lor daitekeela uste dut», adierazi zuen Jean Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak. Sentimendu berarekin atera ziren ere Sylviane Alaux diputatu sozialista, Martine Bisauta Baionako hautetsia, Jakes Abeberri Miarritzekoa eta Sauveur Bacho Arberatzeko auzapeza.
Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko departamenduen arteko harremanak bermatzeko «hastapen batean» bien artean solastatzeko gune bat segurtatzea ere aipatu zuten.
Hala eta guztiz ere, beste aukera batzuez solastatu ziren hautetsiak: Pirinio Atlantikoetako departamenduaren barnean liratekeen lurralde elkargo batez eta eskualdearen tokia hartuko lukeen instituzio batez. Bisautak esan zuen Pirinio Atlantikoetako departamenduaren barnean kokatzea juridikoki «zaila» dela baina politikoki «ezin onartua» litzatekeela. Denek ez zuten, haatik, hori hain argi. Biltzar nagusitik atera ziren galderaz beterik Colette Capdevielle diputatu sozialista eta Amikuzeko herri elkargoko ordezkaria. Agian, gaur egungo departamenduaren barnean bizpahiru eskumen lituzkeen elkargo bat lortzea «errazagoa» litzatekeela azaldu zuen Capdeviellek. «Departamenduaren barnean kokatzen dugu, edo ez? Hori da galdera, jakinez eskaera zentzuzkoena egin behar dugula», diputatuaren hitzetan.
Lurralde elkargoa definitzeko orduan oraindik hainbat iritzi badira ere, adostasun orokorra lortzea dute helburu: «Aho bakar batez mintzatu behardugu, bakoitzak bere handinahikeriak bazterrera utziz», Alauxen hitzetan. Diputatuak uste du bake prozesuaren testuingurua eta igandeko hauteskundeen emaitzak kontuan hartzekoak direla eskakizuna eramateko orduan.
Gobernuarekin loturan
Anartean, deszentralizazioaren erreformaz arduratzen den Marylise Lebranchuren Ministerioarekin harremanetan segitzen dute. Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko teknikariek eta Jean Gourdou eta Jean-Pierre Massias Zuzenbideko irakasleek Lebranchuren kontseilariekin lan eginen dute, euskal lurralde elkargoa marrazteko helburuarekin.
Bestalde, Auzapezen Biltzarrarekin ere eramanen dute gogoeta, «eztabaida oraindik gehiago zabaltzeko asmoz».
Eskumen bereziak lituzkeen euskal departamendu baten inguruan adostu nahi dute
Hautetsien Kontseiluak zehazki zein lurralde elkargo mota eskatuko duen erabakiko du ondoko asteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu