BERRIAk beste urrats sendo bat egin du iaz abiatutako berritze prozesuan: webgunea berrantolatu eta itxuraldatu, eta aldaketa horren beta bertsioa sareratu du. Webgunearen antolaketa eta diseinu berriak erakusteko eta probatzeko balio du beta bertsioak. Erabat osatu gabe dago, eta, horregatik, denbora tarte batez BERRIAk bi webgune izango ditu: orain arteko BERRIA.INFO eta beta bertsioa. Batean, ohiko osagaiak ohiko moduan aurkituko ditu irakurleak; bestean, beta bertsioan, azal berria eta albisteak irakurtzeko era berria izango ditu eskura. Beta bertsioa denbora mugatu baterako izango da, eta orain falta diren osagaiak pixkanaka gehitzen joango dira.
Beta bertsioa irakurleen iritzi eta iradokizunak jasotzeko pentsatuta egina dago. Probako bertsioa da, irakurleek erabil dezaten eta adieraz dezaten zer gustatzen zaien eta zer ez, zer dabilen ongi eta zer ez. Era horretan, webgune berritua fintzen eta hobetzen joango da. Izan ere, BERRIAren eta irakurleen arteko komunikazio lerro iraunkor bat sortzeko asmoz, Berria berritzen bloga martxan jarri da.
Webgunearen estilo berria
Berrikuntza ugari dakar webgunearen diseinu berriak. Estilo berri bat lantzeko asmoz, argitasuna eta sinpletasuna lehenetsi dira, erabilgarriagoa bihurtzeko eta irakurlea erosoago sentitzeko. Espazio gehiago eta atal gutxiago daude webgune berrituan. Irudiak indar handiagoa du, bai bereizmenaren ikuspuntutik bai espazioaren eta kokapenaren aldetik.
Halaber, nabigazioa aberatsagoa izango da. Albiste bat irakurtzeko hautua egin ondoren, albiste hori era atsegin batez irakurtzeko aukera izateaz gain, albiste gehiago bistaratzeko modua izango du irakurleak. Horrez gain, gezi urdin batzuen laguntzaz, nabigazio horizontala ere egin ahal izango du, aurreko albistera joateko edo hurrengora.
Gailu mota guztietara egokituta
Beta bertsioak dakarren berrikuntzetako bat gailu mota guztietara era automatikoan egokitzen den responsive diseinua erabiltzea da. Pantailaren tamainaren arabera, edukien bistaratzea egokitzen da, irakurgarritasuna hobetzeko. Beraz, mahaiko ordenagailuan, tabletan eta telefonoan aurkezpen ezberdina du webguneak. Tableta eta telefonoen kasuan, gailuaren posizioa aldatzean ere diseinua egokitu egingo da.
Teknologia mota hau erabiliz, informazioa gailu mugikorretan eskuratzen duten erabiltzaileen esperientzia hobetu nahi da, edozein dela BERRIAren edukietara iristeko modua (zuzenean, zeharka edo sare sozialen bidez). Izan ere, gero eta gehiago erabiltzen dira telefonoak eta tabletak informatzeko —gaur egun, BERRIAren webgunearen trafikoaren ia %30 mugikorra da—.
Etengabeko berrikuntza
Informazioaren munduan edukiak dira osagai garrantzitsuena. Izan ere, informazio landua, sinesgarria eta interesgarria eskaintzeko konpromisoari eutsita, eduki horiek ahalik eta era egokien eta erabilgarrienean eskaintzeko ahalegina dago diseinu berriaren atzean. Webgunearen egitura berria unean uneko gaurkotasuna hobeto kontatzeko pentsatuta dago, baina bestelako edukiak alboratu gabe. Harmonia berri bat bilatu da azken orduko albisteen eta bestelako edukien artean. Azken orduko informazioa eta papereko edizioaren edukiak uztartuko dira, biak diseinu berarekin, biak eskuragarriago, biak ikusgarriago.
Berritze prozesu batean dago BERRIA. Urtebeteko ibilbide bat egin du webgunea eta Interneteko eskaintza berriz pentsatzen, antolatzen eta diseinatzen. Prozesua ez da etengo, berrikuntza ezinbestez etengabea delako. Halaber, datozen hilabeteetan sarean egingo diren urratsak papereko edizioaren berrikuntza sakonarekin uztartuko dira.