Espagnac eta Alaux sozialistek bat egin dute urriaren 13ko protestarekin

Herrira mugimenduak finkatu ekitaldira deitu dute 70 eragilek; sostengu zabala bezain askotarikoa du egunak

Johanne Foirien, Emilie Martin eta Gabi Mouesca atzo, Herrira-ren prentsaurrekoan. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Frederique Espagnac eta Sylviane Alaux parlamentari sozialistek Herrira-k urriaren 13an antolatzen duen manifestaziora deitu dute. Horien ondoan, beste hirurogeita hamar eragilek dute ekitaldiarekin bat egin. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko manifestazioa sostengu zabala eta askotarikoa hartzen ari da, eta esparru abertzaletik haratago doa elkartasun uhina. Eragile politikoei dagokionez, alderdi abertzaleetako ordezkarien ondoan, PS, NPA eta Europe Ecologie Berdeetako hautetsiak daude. Hala nola Kotte Ezenarro (PS) Kontseilu Nagusiko presidente-ordea, Alice Leizagezahar (EEB) eskualdeko kontseilaria, Sergio Nogues (NPA), Anita Lopepe (Batasuna) eta Peio Etxeberri-Aintzart (AB), besteak beste.

Izenpetzaileen zerrenda aurkeztu zuten atzo Baionan, Emilie Martin, Johanne Foirien eta Gabi Mouesca Herrira-ren ordezkariek. Ordezkari politikoen ondoan, eragile sozial, kultural eta sindikalak ere badaude. Hala nola Anje Duhalde kantaria, Lucio Urtubia anarkista, Jean-Michel Arrostegi CGT sindikatukoa, Victor Pachon CADE elkarteko ordezkaria eta Jacques Gaillot apezpikua. «Gatazka konpontzeko, horren ondorioak tratatu behar dira, bereziki euskal preso eta iheslarien alde neurriak hartuz; hori aldarrikatuko diegu Frantziako eta Espainiako gobernuei urriaren 13an»; hala mintzatu da Martin. Manifestazioa iritsi artean, sostengua handituz joanen da, eta, azaldu dutenez, «gaurtik urriaren 13a arte, Euskal Herria urdinez estalia izanen da». ELB, Oldartu, Cimade, Herriarekin, Autonomia Eraiki eta Libertat-Bearn erakundeek ere bat egin dute.

Euskal presoei ezartzen dizkieten lege bereziak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin «bat ez etortzea» gaitzetsi zuten atzo. Mezu hori luzatzeko toki sinbolikoa hautatua zuten: Baionako Askatasunaren plaza, justuki, Rene Cassin Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren idazle nagusiaren sortetxetik oso hurbil. Berehalako exijitzen dituzten neurriak aurkeztu zituzten: EPPK-ko kideak Euskal Herrian biltzea, eri direnak askatzea, bizi guztiko zigorrera daramaten neurriak deuseztatzea, neurri bereziak deuseztatzea,baldintzapeko askatasuna ezartzea eta iheslari politikoen aurkako jazarpena bukatzea.

'Lipdub'-a EHZ festibalean

Igande honetan, 13:30ean Heletako herriko plazan izango da elkartasuna adierazteko aukera, EHZ festibalaren barruan antolaturiko lipdub-aren kari. Momentu «garrantzitsu» horren berri eman zuten: «Besta giroa, herrikoia, baina batez ere euskal preso, iheslari eta haien familiekiko elkartasun momentu garrantzitsua izanen da». Urriaren 13ko manifestaziora deitzen duen Herrira kantua erabiliko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.