Senatari sozialistaren ustez, "ezinbestekoa" zen gaur egungo egoera mantentzea, eta horregatik hartu du deszentralizazio erreforman aldaketa aurkezteko erabakia. Ipar Euskal Herriarentzat sindikatu misto bat eskatu du; atzo egitura sortzearen alde agertu zen Frantziako Senatua.
Aitortu duenez, Deszentralizazio ministeritzarekin batera idatzi du aldaketa. "Hori ez banu egin, Euskal Herria Errepublikaren kuadrotik desagertzen zen", Espagnacen erranetan. Hain zuzen, 2013 urte bukaeran Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak gerorik gabe geldituko dira. Jakitera eman duenez, euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioko hainbat kidek zuten aurkezturiko aldaketa horren berri.
Lasserrek atzera
Frantziako Senatuak bere proposamena onartu ondoren, Frederique Espagnac gaur arratsaldean agertu da hedabideen aurrera. Sylviane Alaux senataria (PS) eta Nicole Pery ministro ohi sozialistarekin batera agertu da.
Espagnacek ziurtatu du Jean Jacques Lasserre zentristarekin batera zuela asmoa Lurralde Elkargoaren aldeko proposamena egiteko Parisen, baina azken momentuan Lasserrek atzera egin zuela. Zehaztu duenez, guztira hiru aldaketa aurkeztu ditu Espagnacek: bata lurralde elkargoa eskatuz, bigarrena metropoli polo bat galdetuz eta azkenik sindikatu mistoa. Lurralde elkargoarena blokeatu zuen gobernuak eta bigarrena finantza batzarrak. Sindikatu mistoaren aukera Deszentralizazio ministeritzarekin idatzia dela aitortu du.
Lurralde elkargoa helburu
Lurralde elkargoaren inguruan iritzi aldaketarik ez duela esan du Espagnacek, alegia, bere helburu izaten jarraitzen duela. Gainera, desmobilizaziorik ez dela izango iruditzen zaio, eta eskakizun horrek aurrera jarraituko duela adierazi du.
Nicole Pery PSko buruzagi ohiak gaineratu du Sindikatu Mistoarekin eskumen garrantzitsuak izango dituela Iparraldeak euskararen, kulturaren, lurralde antolaketaren, laborantzaren eta beste zenbait ataletan.
Ikusmin handia
Ikusmin handia zegoen aste honetako gertakarien ondoren. Espagnac aurreko larunbatean lurralde elkargoaren aldeko manifestazioan izan zen, baina astelehenean jakin zen metropoli polo bat eratzea proposatu ziola Parisek, lurralde elkargoaren aldeko adostasuna hautsiz. Hautetsien Kontseiluak baztertutako aukeretako bat izan zen poloa.
Atzo onartu zuten proposamena Frantziako Senatuan. Euskal lurralde elkargoko kolektiboaren babesik gabe aurkeztu zuen senatari sozialistak sindikatu mistorako proposamena. Atzo bozkatu zuten deszentralizazio erreformari senatari sozialistak aurkeztutako aldaketa. Inolako eztabaidarik eragin gabe pasatu da deszentralizazio erreforman senatariak aurkeztutako aldaketa. Espagnacen aurkezpenaren ondoren, inork ez zuen adierazpenik egin.
Antolaketarako eta Kooperaziorako Polo
1995az geroztik Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen zituen Pays egitura Antolaketarako eta Kooperaziorako Polo bihurtzeko lehen pausoa ireki dute, beraz, senatariek. Ondoko urratsa Legebiltzarrean burutuko da, hor ere diputatuek aldaketa bozkatu beharko dutelako. Ondotik, bigarren irakurketa batean berriz bozkatu beharko dute parlamentariek.
Jean-Jacques Lasserre senataria ez zen egon atzo Senatuan, Espagnacen iniziatiba begi txarrez ikusten duelako.