17:10ean onartu du Frantziako Senatuak Frederique Espagnac senatari sozialistaren aldaketa. Ipar Euskal Herrirako sindikatu misto baten sorrera dakar aldaketak. Hots, ez da Ipar Euskal Herriko hautetsien eta eragileen gehiengoak sostengatu euskal lurralde elkargoa.
Lehen pauso hori emanik, legebiltzarrean ere bozkatu beharko dute ondotik, eta berriro ere bi instituzioetan bigarren irakurketan.
"Antolaketarako eta kooperaziorako polo baten" sorrera eskatu zuen Espagnacek. Egitura mota hori ez da existitzen, eta deszentralizazio erreformak planteatuko luke horren izaera. Metropoli poloei buruz ari den 45. artikuluan txertatu du zuzenketa. Egitura horren antz handia luke. Azaldu duenez, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herri eta hiri elkargoak izanen dira polo horren kide. Garapen ekonomiko, laborantza, berrikuntza, ikerketa, goi mailako irakaskuntza, kultura, hizkuntza eta lurralde antolaketari doakionez, guztien artean lurralde mailako egitasmoak gauzatuko lituzkete. Mugaz gaindiko elkarlana ere garatzeko aukera luke poloak. Departamenduek eta eskualdeek ere kide izateko posibilitatea lukete.
Atzo Batera-k argi utzi zuen ez zuela bat egiten Espagnacen ekinbidearekin: "Ez dugu bat egiten Espagnacen ekinbidearekin, ez funtsaren aldetik ez eta formaren aldetik ere". Hain zuzen, sindikatu misto bat ez da lurralde elkargo bat.