Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zigortu egin du Espainia. Xabier Beortegik aurkeztutako tortura salaketa behar bezala ez ikertzeagatik etorri da aldi honetan zigorra. Zehazki, 20.000 euro eman beharko dizkio Madrilek Beortegiri.
Iruñeko semea 2011ko urtarrilean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Ekinen aurka Nafarroan egindako operazioan. Urte bereko maiatzean aurkeztu zuen tortura salaketa Beortegik, baina handik urtebetera itxitzat eman zuen kasua epaileak. Alferrik izan ziren Behatokiak eta TATek eginiko kritikak, ikerketa nahikoa izan ez zela esanez.
Beortegik berak urtarrilaren amaieran egindako agerraldi batean kontatu zuen Guardia Zibilaren esku egondako lau egunetan gertatutakoa. "Gogoratzen dut autotik jaitsitakoan ezin nuela ezta zutik ere egon. Ez dakit tentsioa zen, buruan jasotako kolpeak ziren, presioa...; zorabio sentipena etengabea zen. Galdeketan, berriz, etengabe jo ninduten buruan; kukubilko jarri eta lur jota geratzeraino zutik jarrarazi ninduten, berriro oreka galdu arte".
Zerrenda luzea
Beortegirena ez da Estrasburgok ontzat ematen duen lehen salaketa, aurretik ere badira gehiago. Horietako bat izan da Patxi Arratibelena. Beortegirekin batera atxilotu zuten Arratibel Etxarri Aranatzen, Ekineko kidea ezateagatik. Polizia etxean egindako deklarazioetako batean, Arratibelek aztnugal idatzi zuen sinaduraren ondoan —laguntza, alderantziz idatzia— pairatzen ari zen tratu txarrak jasota geldi zitezen. Baina auzitegiek ez zituzten haren salaketak aintzat hartu, eta Estrasburgora jo zuten haren abokatuek.
Iazko maiatzean, Estrasburgok ontzat eman zuen Arratibelen salaketa, eta zigortu egin zuen Espainia. Orduko hartan, oraingoan bezala, Europako Itunaren 3. puntua urratzea egotzi zion auzitegiak Espainiari.
Beortegi eta Arratibelen aurretik, ordea, izan ziren beste batzuk, sei zehazki, tartean Egunkaria-ko zuzendari izandako Martxelo Otamendirena.