Espainiako Gobernuak bertze kolpe bat emanen die herritarren poltsikoei irailaren 1etik aurrera. Berriz ere, botiken bidez emanen du, Espainiako Osasun Sistematik at utziko baititu 417 sendagai. Espainiako Aldizkari Ofizialak atzo argitaratu zuen zerrenda osoa. Tartean dira Almax azidoen aurkako botika, beherakoaren kontrako Fortasec, eztulari aurre egiteko Mucosan eta artritisak eragindako oinazea arintzeko Fastum. Etxe anitzetan egoten diren botika ezagunak dira gehienak.
Espainiako Osasun Ministerioak nabarmendu du 450 milioi euro aurreztuko dituela hartutako neurriaren bitartez. Argi utzi du Espainiako osasun sistematik at utzitako botikek badutela ordaindu gabe jaso ahal izateko ordezkorik, eta zerrendan diren 97 sendagai, gainera, gaixotasun larriak dituztenek hartzeko direnean ordaintzen jarraituko dutela. Minbizia duten gaixoak jarri dituzte adibidetzat. Oraingo neurriak ez die haiei eraginen.
«Zerrendan ageri diren botikak errezetatzen jarraitzen ahal dute medikuek; are gehiago, hala egin behar dute. Oinarrizkoak ez diren sendagaiak ordaintzeari utziko diogu, eta horri esker, herritarren bizitza arriskuan jartzen duten gaixotasunak tratatzeko botika guztiak sistemaren barruan jaso ahal izanen ditugu, kostuari erreparatu gabe», azaldu du Espainiako Osasun ministro Ana Matok.
Matok erantsi du Espainiako Gobernuak, oraindik ere, 18.000 botika badituela bere osasun sistemaren barruan, eta horrek goiko postuetan jartzen duela sendagai gehien ordaintzen dituzten Europako herrien zerrendan.
Helburuak, zalantzan
Hasieran abuzturako iragarri zuen Espainiako Gobernuak 400dik gora botika ordaintzeari utziko ziola. 425 aipatu zituen Espainiako Osasun Ministerioak uda hasieran. Azkenean, irailetik aurrera jarriko da martxan neurria, eta 417 sendagai izanen dira zerrendan. Hala ere, zerrenda hori tarteka aztertu eginen duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Hau da, bada botika gehiago zerrenda horretan sartzeko aukera.
Espainiako Gobernuaren asmoa dirua aurreztea da, baina PSOEk eta osasunaren arloko hainbat sindikatuk zalantzan jarri dute helburu hori beteko denik. Sozialistek esan dute irailean indarrean sartuko den neurria bertze urrats bat bertzerik ez dela izanen osasun publikoa suntsitzeko prozesuan.
Eusko Jaurlaritzak ere kritikatu du hartutako erabakia, eta, batez ere, Espainiako Gobernutik informazio eskasa jaso izana salatu dute.
Espainiak 417 botika ordaintzeari utziko dio irailean
Espainiako osasun sistematik at geldituko diren sendagaien zerrenda argitaratu du aldizkari ofizialak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu