Biktimei kalte-ordainak ukatzeko erabakia berretsi du Espainiako Barne Ministerioak. Amaiurrek egindako galdera bati erantzun dio idatziz Jorge Fernandez Diazek, eta, Europa Pressek zabaldutako informazioaren arabera, ministerioak dio hainbat txostenek baieztatzen dutela aurretik adierazitakoa. "ETAko kide izatea edo lotura duen elkarte bateko kide izatea frogatutzat ematen da". Hori horrela, ministerioak uste du ez direla kalte-ordain horiek jasotzeko baldintzak ematen.
Espainiako Barne Ministerioak estatuaren indarkeriaren hainbat biktimari kalte-ordainak emateari utzi dio, "ETAren inguruarekin" lotura zutela argudiatuta. Biktimen Espainiako 2011ko legearen arabera, Espainiak ordaindu behar dizkie kalte-ordainak indarkeriaren biktimei. 2012. urtearen amaieran, ordea, legea aldatu zuen Madrilek, biktimei kalte-ordainak pagatzean zenbait baldintza jarrita.