Konponbideari begira

Espainiak eta Frantziak berdin jarraituz gero, bere kabuz ekiteko eskatu dio Gernikako Akordioak EBri

Gernikako Akordioaren ordezkaritza bat Estrasburgon izan da eta gutun bat helarazi diete Europako Batasuneko agintariei

jokin sagarzazu
2012ko abenduaren 11
18:44
Entzun

Euskal gatazkaren konponbide prozesuan esku hartzeko eskatu dio Gernikako Akordioak Europako Batasunari. Estrasburgon izan dira ezker abertzaleko Maite Aristegi, Aralarreko Jon Iñarritu, EAko Lorena Lopez de la Calle eta LABeko Igor Urrutikoetxea, eta, han, gutun bat helarazi diete Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteari eta Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteari. Basque Friendship Euskal Herriko bake prozesuaren alde Europako Parlamentuan sortutako taldeko kideen babesa jaso dute Euskal Herriko ordezkariek.

Hiru eskera egin dizkio Gernikako Akordioak EBri. Lehenik, Espainiako eta Frantziako estatuei eskatzeko gatazkaren konponbidean engaiatzeko. Hori egin ezean, EBk berak bere kabuz ekiteko. Eta, hirugarrenik, Espainia eta Frantziari eskatzeko giza eskubideak errespetatzeko, eta bertan behera uzteko salbuespen neurri oro eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak betetzeko.

Gernikako Akordioak gogoratu du Aieteko Adierazpeneko lehen puntua bete zuela ETAk, baina Espainiak eta Frantziak ez dutela bide horretan urratsik egin. Are gehiago, salatu du konponbidearen kontrako jarrera mantentze dutela, besteak beste, “atxiloketak, torturak eta gehiegikeria polizialen” bidez edo Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak bete gabe.

Europako Batasunak Bakearen Nobel Saria jaso berri duela eta, gatazken konponbide prozesuetan duen «esperientzia eta gaitasuna» euskal gatazkaren konponbiderako ere bideratzeko eskatu dio Gernikako Akordioak EBri. Euskal gatazka «europar gatazka bat» ere badela adierazi dute Gernikako Akordioko kideek, eta nabarmendu gatazkaren oinarriak politikoak izanik, konponbidea ere politikoa izan behar duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.