Espainiako eta Frantziako estatuek daukaten «burujabetza maila bera» eskatu zuen atzo Euskal Herriarentzat Iñaki Antiguedad Espainiako Kongresurako Amaiurren Bizkaiko zerrendaburuak. Koalizioak hainbat sindikatutako eragileekin batera egin zuen hauteskunde ekitaldia.
Gainontzeko estatuek dituzten tresnak izateko eskubidea aldarrikatu zuen Antiguedadek: «Gogoko ez dugun Europa batean gaude, baina tresna berberak izan nahi ditugu, krisi sozioekonomikotik ateratzeko aukera gehiago eduki ahal izateko». Hori dela eta, ekonomia eta politika mailan «erabateko konpetentzia markoa» edukitzea eskatu zuen. Kongresurako hautagaiaren aburuz, Euskal Herriak krisitik ateratzeko «aukera gehiago» ditu tresna horiek bere esku baditu.
Amaiur euskal langileen eta langabeen «bozgorailu» izango dela ziurtatu zuen, haien eskaerak «lau haizetara» defendatuko dituztelako. Beste alderdi politiko batzuek programak «pisura» neurtzen dituztela esan zuen, eta koalizioa, ordea, Espainiako Gorteetara «letra handiekin eta esaldi laburrekin» doala.
ELAk, gerora, baztertu egin zuen Amaiurrek bere siglak hauteskunde helburuekin erabili izana. Kargu sindikala eta politikoa aldi berean ezin izatea garrantzitsua dela azaldu zuten ohar baten bidez. ELAren siglak inork ez erabiltzeko arretaz begiratuko dutela gaineratu zuten.
«Lan aktiboa» Kongresuan
Rafa Larreina Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak adierazi zuen «zuzenean edo zeharka» Euskal Herriari eragiten dioten eztabaidetan «modu aktiboan» lan egingo dutela Kongresuan. «Izaera ideologikoa» daukaten estatuaren egoerari buruzko eztabaidetan ere parte hartuko dutela azaldu zuen.
Halaber, EAJrekin elkarlanean aritzeko asmoa azaldu zuen: «Subiranistek elkar lagundu behar dugu Madrilen. Boz hauetako garrantzitsuena ahots subiranista Madrilera eraman eta gatazka politikoa dagoela argi esatea da».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Espainiak eta Frantziak daukaten subiranotasuna nahi du Amaiurrek
Bi estatuek dituzten «tresna berak» eskatu ditu Antiguedadek krisi ekonomikoari aurre egin ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu