Montorok aitortu du Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan duen ordezkariak abiatutako prozesuen kopurua "nabarmena" dela, baina gobernuak ez du hura kargutik kentzeko asmorik. "Eta, gutxiago, EAJko ordezkariak mintzalekutik egiten badu eskaera", adierazi du Cristobal Montoro Ogasun ministroak.
EAJko bozeramaile Aitor Estebanek galdegin du haren funtzioez: "Urkijo ez da instituzioen arteko harremanak ehuntzeko pertsonarik egokiena, ez baita, hain zuzen ere, diplomazialari bat, piromanoa baizik. Kargua utzi behar luke". Gobernuari galdetu dio ea Urkijok bere aldetik lan egiten ote duen, edo ea gobernua bera den hura zirikatzen duena.
Guztira, 537 salaketa egin ditu Urkijok 2012ko urtarrilean kargua hartu zuenetik. Horietatik 77 Araban jarri ditu, 215 Bizkaian eta 245 Gipuzkoan. Eta abiatutako prozesuen %90 ingurutan arrazoia eman diote epaitegiek Urkijori. Haren betebeharra legea betearaztea dela esan dio Montorok EAJko bozeramaile Aitor Estebani, ez duela "apetaren arabera" lan egiten: "Eta badirudi zentzuz lan egiten duela, justiziak arrazoia ematen baitio".