Ez duela «Euskadi Espainiarengandik banatzerik nahi» Madrilen esan eta biharamunean, adierazpena zehaztu egin du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidente eta lehendakarigaiak: «Inor ez dabil banatu nahian, baina argitu nahi dut ez dela banaketa bat, ez gaudelako desiozko ezkontza baten aurrean». «Elkarbizitza atsegin baten» alde egin zuen Urkulluk herenegun, baina, atzo azaldu zuenez, «Madrilen egiten diren interpretazio defentsiboengatik» esan zuen hori EAJko buruak; «Madrili erasotzen ariko bagina bezala hartzen gaituztelako». Edozein kasutan, atzo adierazi zuen ez dagoela prest «inposatutako elkarbizitza» onartzeko, bezperan Espainiarekin erakutsitako hurbiltasun handiegia hausteko asmoz.
Euskal herritarrek eta kataluniarrek nahi dutena Espainiako Konstituzioak onartzen duen zerbait besterik ez dela ohartarazi du Urkulluk: nazio izaera onartzea nahi dutela. Hortaz, «naziotasun historikoak erkidegoekin berdintzean» PPk eta PSOEk Konstituzioak onartzen duen nazio aniztasuna urratzen dutela salatu du.
Urkulluren «bildots larrua»
Bi egunetan emandako mezuak entzunda, zintzoa izateko eskatu dio Patxi Lopez lehendakariak Urkulluri. Madrilen mintzatzen denean «bildots larruz» aritzen dela aurpegiratu dio, eta, «Euskadira itzultzean, Ibarretxe Planaren kapituluak berreskuratzea».
Oharra igorri dio, hargatik, Lopezek: «Independentziaren aldeko politikek zein Ibarretxe Planera itzultzeak euskal gizartean haustura sortzen dute». Hortaz, ohartarazi dio Urkulluk burujabetzaren edo identitateen defentsarako bidea hartzen badu PSE-EE aurrean izango duela.
Jeltzaleek «gordetzen» dutenak «beldurtua» dutela esan du, gainera, «erakusten duten baino gehiago gordetzen dutelako».
Espainiak «inposatutako elkarbizitzarik» ez duela nahi zehaztu du Urkulluk
Argia izateko eskatu dio Lopezek EAJko buruari: ez esateko gauza kontrajarriak Madrilen eta Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu