Espainiak lau astez atzeratu du AstraZenecaren bigarren dosiaren erabakia

Espainiako Gobernuko Osasun Batzordeak adierazi du Pfizerren bigarren dosiaren inguruko ikerketaren emaitzen zain dagoela.

rizain laguntzaile bat, AstraZenecaren txertoa emakume bati jartzen, Iruñeko Refena gunean. IDOIA ZABALETA/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 30a
13:31
Entzun

Gaur zen AstraZenecaren bigarren dosiarekin zer egingo duten jakinaraztekoa Carolina Darias Espainiako Osasun ministroa, baina erabaki hori beste lau eta sei aste artean atzeratuko dela jakinarazi dute. Estatuko zenbait ospitale egiten ari diren ikerketaren emaitzak irteterakoan emango dute erabakiaren berri, Osasun ministerioak adierazi duenez: lehen dosia Pfizerren txertoekin bateragarria den ikusteko.

60 urtetik beherako txertatuek beste lau astez itxaron beharko dute beren bigarren dosiaren nondik norakoak jakiteko. Joan den otsailaren 9an hasi ziren lehen lerroan ez dauden osasungileak edo sektore horretan ez diharduten funtsezko langileak txertatzen. Beraz, botika etxearen jarraibideen arabera, datorren astean dira hastekoak bigarren dosiak ematen, hamabi asteko tartea gomendatzen baitute berak eta EMA Sendagaien Europako Agentziak. Batzordeak, ordea, tarte hori beste lau astez luzatzea erabaki du, hamasei astera arte, estatuko Pfizerren txertoekin egiten ari diren ikerketaren emaitzak jakin arte: maiatzaren erdialderako aurreikusi dituzte, goizen jota, adituek.

Izan ere, AstraZenecak zenbait odolbilduren kasuekin izandako harremana baieztatu zuenetik, haren etorkizuna ez da batere ziurra izan. Europako zenbait estatuk, Erresuma Batuak edo Italiak kasurako,  bigarren dosia etxe bereko botikarekin ematea erabaki dute, txertoaren eta odolbilduen arteko harremana «oso urrunekoa» baita. Beste zenbait estatuk Pfizerren txertoen alde egin dute, arrisku horiek saihesteko; Alemaniak eta Frantziak, esaterako. 

Espainiak, berriz, oraindik erabakirik ez hartzea erabaki du, eta «ebidentzia zientifikoa» bilatzea. Darias Osasun ministroa hasieratik agertu da jarrera horren alde, «zuhurtziaz» jokatzeak zentzua duela iritzita eta itxarotea «onena» zela adieraziz. Hala ere, gaur hartzea espero zen erabakia errespetatuko zuela adierazi zuen. Momentuz, behintzat, ministroaren jarrera hartu dute Espainiako Osasun Batzordeko kideek ere.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.