Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak martxan jarri du plan bat "terrorismo" delituengatik zigortuta dauden presoak "gizarteratzen laguntzeko" eta kartzeletan "haien erradikalizazioa" eragozteko. Diazek azaldu duenez, ETArekin, GRAPOrekin, talde jihadistekin edo beste talde antolatu batzuekin harremana izan duten presoei begira prestatu dute plana.
Plan horrek hainbat egitasmo biltzen dituela azaldu du Barne ministroak. Haren arabera, gizartearen errealitatea ezagutaraztea eta iraganaren inguruko gogoeta eginaraztea izango dute helburu, besteak beste. Planean parte hartuko duten presoek elkarbizitzan oinarritutako "ikasgelak" izango dituzte, eta askatasuna lortzen dutenerako prestakuntza eskainiko diete lanean has daitezen laguntzeko.
Horrekin batera, bizilekutik gertu dauden espetxeetara gerturatzeko aukera izango lukete. Hala ere, berri agentziak kontsultatutako iturriek azpimarratu dute ez dela "gerturatze automatikorik" egongo.
Mariano Raxoi Espainiako presidenteak esan du gobernuak ez duela aldatu eta ez duela aldatuko "terrorismoaren" aurkako politika, eta aipatutako planean ez dela "espetxe onurarik" izango. "ETAk desegin egin behar du", adierazi du Raxoik.
Presoek erabakiko lukete
Barne Ministerioaren egitasmoaren lehenengo pausoa, hain zuzen, presoak planean parte hartu nahi duela esatea izango litzateke. Horretarako, lehenik indarkeriari uko egin beharko lioke, eta ustez parte hartu duen taldearekiko lotura hautsi duela ziurtatu.
"Ez du zentzurik programan parte hartzea gizarteratu nahi ez duenak, presoaren aldetik jarrera aktibo bat eskatzen baitu", adierazi du Ministerioak.
Diazek baieztatu du planean parte hartzea onartzen dutenek "ozen, argi eta jendaurrean" deitoratu beharko dutela indarkeria. Haren arabera, planarekin bat egitea "beharrezko baldintza da" presoak gerturatzeko, baina "ez da nahikoa", legearen gainerako baldintzak bete beharko bailituzkete.
Hala ere, Diazek argi utzi du ez dela "euskal presoak gerturatzeko" plan bat, ezta 197/2006 doktrinaren inguruko "gogoeta puntua" ere. Gaineratu du programa horrekin "biktimen memoria, egia, ohorea eta justizia" bermatu nahi dituztela.
Europolen txostena
Europolek atzo zabaldutako txostenaren inguruan —ETAk kide berriak hartzen eta informazioa pilatzen segitzen duela dio txostenak—, Diazek esan du hark Barne Ministerioak behin eta berriz esandakoa egiaztatzen duela. Gaineratu du ETAk ez daukala "jarduteko baldintza operatiborik", baina taldeko kideek armak dituzten bitartean egin dezaketela.
"ETAk ez du iragarri armak utzi dituela eta erakunde terrorista gisa desegin egin dela", dio Europolek, txostenean.