euskal presoak

Espainiak sakabanaketari eutsiko balio prebarikazioa legokeela diote abokatuek

Aiert Larrartek eta Alfonso Zenon presoen abokatuek esan dute urruntzeak ez duela oinarri juridikorik legedian. Kartzela bakoitzeko Tratamendu Batzordeak urte erdi bateko epea du presoen eskaerak aztertzeko eta txostena egiteko. Abokatuek gogoratu dute Europak sakabanaketaren kontrako ebazpen bat atera zuela iaz.

Larrarte eta Zenon, gaurko agerraldian. J. C. RUIZ, ARP
enekoitz esnaola
2014ko martxoaren 19a
08:19
Entzun

Aiert Larrarte eta Alfonso Zenon euskal presoen abokatuek adierazi dute sakabanaketak oinarri juridikorik ez duela Espainiako Estatuko, Europako eta, oro har, nazioarteko legedietan, eta espero dute Espainiako Gobernuak kontuan hartuko dituela Euskal Herriratzea galdeginez presoak egiten ari diren eskaerak. "Ez dugu ezezkorik espero. Eskaerak ez onartzea legearen aurkakoa litzateke, eta prebarikazioa legoke", esan du Larrartek Donostian, biek Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren emandako prentsaurrekoan.

Gaur zortzi BERRIAk jakinarazi zuen EPPK Euskal Preso Politikoem Kolektiboko kideak hasi direla eskaerak egiten. Hain zuzen, lehendazi, osasun egoerarik larrienean daudenek eta 70 urtez gorakoek aurkeztu dituzte. Euskal Herriko espetxeetara ekartzeko galdegiteaz gain, askatzeko eskaera ere egin dute —zigorra etxean betetzekoa, hain zuzen—.

Aiertek eta Zenonek esan duetez, preso bakoitzak bera dagoen kartzelan egin du eskaera, eta espetxeko Tratamendu Batzordeak eskaera jaso duenetik gehienez sei hilabete ditu aztertzeko eta txostena egiteko. Honek, ondoren, Espainiako Espetxe Zuzendaritzara helaraziko luke txostena, gobernuak erabakia hartzeko.

Arrazoi pertsonalak, politikoak —"EPPK-k abenduan ateratako adierazpenera atxikitu da preso bakoitza", adierazi du Aiertek— eta juridikoak erabili dituzte eskaeratan. Abokatuen arabera, Espainiako legediak sakabanaketa amaitzeko ez du eskatzen presoek damua agertzea, barkamena eskatzea edo ETAren desarmatzea eta desegitea eskatzea.

Gainera, gogoratu dute Europako Giza Eskubideen Auzitegiak sakabanaketaren aurkako ebazpena bat atera zuela iazko uztailean, bi errusiar presoren helegiteari arrazoia emanda. Abokatuek ez dute zehaztu zer egingo luketen gobernuak presoen urruntzeari eutsiko balio.

Gaur egun EPPK-n 506 preso daudela zehaztu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.