Euskarari eraso, berriro izeneko iritzi artikulua idatzi du Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak Ereiaro euskarari buruzko kanalean. Hark ere Espainiako Gobernuaren hezkuntza arloko erreforma salatu du, "sekulako erasoa antolatu baitu euskararen kontra, ondo antolatutakoa. Ez dakit konturatzen garen, baina hau 2003an PPk eta Espainiako Gobernuak Euskaldunon Egunkaria itxiz egindako erasoa baino askoz ere larriagoa da oraingoa, eta hura oso larria izan zen!".
Astelehenaz geroztik dago BERRIA.INFOn Ereiaro euskarari buruzko kanala. Euskararen egoera, hizkuntz politikak, gizarte mugimendua... Euskararen normalizazioari buruzko edozein gaik izango du lekua bertan, eta Kanalak.berria.info/euskara helbidean egongo da ikusgai.
BERRIAk kudeatuko du kanala, eta, besteak beste, arlo hauek ditu:
- Euskararen inguruan BERRIAn argitaratutako albiste, elkarrizketa, iritzi... guztiak.
- Hizkuntz eskubideez salaketak egiteko txoko bat egongo da.
- Euskarari buruzko agiriak, agenda eta webguneak.
Eztabaidarako kanala
BERRIAk, batez ere, eztabaidarako kanala izatea nahi du. Horregatik, kolaboratzaile sare zabal bati bertan idazteko gonbita egin dio. Oraingoz, hauek dira baiezkoa eman dutenak: Paul Bilbao, Mertxe Mugika, Olatz Osa, Xabier Mendiguren Bereziartu, Mikel Irizar, Karmele Aierbe, Oskar Elizburu, Mikel Arrizabalaga, Joxemari Sors, Lurdes Auzmendi, Zigor Etxeburua, Josu Aztiria, Belen Uranga, Lore Erriondo, Igone Lamarain, Bego Bitorika, Rober Gutierrez, Garbiñe Petriati eta Andres Urrutia.
Irakurleek ere badute aukera iritzia emateko, Berriketan.info sare sozialean sortutako taldean.