Marina Albiol, Xabier Benito, Izaskun Bilbao Barandika eta Josu Juaristik adierazi dutenez, Espainiak era okerrean aplikatzen ditu terrorismo delituak definitzen dituen Europako legedia. Azpimarratu dute akusazio autoa ez datorrela bat "terrorismoa definitzen duten erkidegoko arauekin". Gaineratu dute, halaber, ez datorrela bat Zigor Kodeak Poliziaren kontrako beste eraso batzuetan egin duen aplikazioarekin. Horregatik, Europako Komisioari eskatu diote Europako legeen eta estatuko legeen arteko egokitzapenen prozesu hori berrikusi dezala, eta egiazta dezala ea kasu honetan gertatutakoa bat datorren Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 49.3 artikuluak jasotzen dituen zigorren proportzioei buruzko aurreikuspenekin.
Eurodiputatu multzoak gogorarazi du 375 urteko zigor eskaera egin dietela zortzi akusatuei parte hartzeagatik "lau pertsonaren arteko liskar batean, non haietako bi Guardia Zibilak ziren, Altsasuko taberna batean ezustean topo egin ondoren, joan den urteko urriaren 15ean; lesio larriena orkatila apurtu bat izan zen".
Idatzian jaso dute, halaber, fiskalak zer prozedura erabili duen gertatutakoa terrorismo delitu bilakatzeko. Gogorarazi dute akusazioaren idatziaren oinarria dela gazteek agenteei eraso zietela aldarrikatzeko Euskal Herrian bertako Poliziak ordezkatu behar zuela estatukoa. "Erreibindikazio hau ETAk ere defendatu zuenez, erakunde armagabetu eta ez-aktibo batek, terrorismo delitua egotzi diete".
Dokumentua izenpetu dutenek uste dute akusazioaren autoa ez datorrela bat "terrorismoa definitzen duten Europako legearekin". Gainera, ez da kontsekuentea Espainiar estatuan bertan "poliziei eraso dieten beste kasu batzuetan egin den Zigor Kodearen aplikazioarekin".
Arrazoi horiengatik, diputatu talde horrek eskatu du Bruselak azter dezala ea Espainiak terrorismoaren tratamendu penal egokia egiten duen. Salatu dute mota honetako bidegabekeriak ez direla "bateragarriak Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 49.3 artikuluak dakartzan aurreikuspenekin", eta Bruselaren iritzia jakin nahi dute.
Albiol, Benito, Barandika eta Juaristik ekinaldi horren bidez borobildu dute Altsasuko gazteak bizitzen ari diren oinarrizko eskubideen urraketa Europan aditzera emateko osatu duten plana. Dokumentu hori idazteaz gain, beste hainbat ekintza antolatu dituzte salatzeko atentatu jihadistek baldintzatutako giroan egindako erreforma penal bat oinarrizko eskubideen urraketa larri bat eragiten ari dela. Altsausko auzipetuen gurasoak Bruselara gonbidatu zituzten, eta hainbat talderekin egin zituzten bilerak.
Joan den astean, izugarrizko jendetza bildu zen Iruñeko Gazteluko plazan Altsasuko auzipetuei babesa emateko. Milaka herritarrez gain, hainbat ordezkari politiko ere bertaratu ziren.