Ordezkaritza zabala joan da Euskal Herritik Bruselara, Espainiak euskal herritarrak torturatu egiten dituela salatzera. Izan ere, Torturatuak Babesteko Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta data hori baliatu nahi izan du TAT Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) bere aldarrikapenak zabaldu ahal izateko.
Euskal Herriko ordezkaritzako lehenengo kideak atzo iritsi ziren, eta Euskal Herriko bake eta konponbide prozesua babesteko Europako Parlamentuan sortu zen Friendship taldeko hainbat kiderekin bilera egin zuten.
Gaur goizaldean, berriz, beste 60 bat lagun iritsi dira Euskal Herritik, gehienak torturen biktimak. 10:00etan prentsaurrekoa eman dute. "Gure asmoa, nazioarteko erakundeei Espainiako Estatuak torturatzen jarraitzen duela erakustea da, baita Espainiak gomendioei ez diela kasurik egiten erakustea ere. Bide batez, babesa eta laguntza jaso nahi ditugu", esan dute TATeko kideek. Halaber, 10:00etatik 14:00etara elkarretaratzea egin dute Europako Parlamentuaren atariko Schuman plazan.
Horrez gain, hainbat europarlamentarirekin eta Flandesko Legebiltzarreko kiderekin bilerak egin dituzte. Besteak beste, honako europarlamentariekin batzartu dira: Europako Parlamentuko presidenteorde eta Berdeen legebiltzarkide Gerard Onestarekin, Sinn Feineko Bairbre de Brunekin, Portugalgo PCP alderdiko Pedro Guerreirarekin, Alemaniako PDS alderdiko ordezkariekin, Italilako Refundazione Comunistakoekin, Txekiako ASPkoekin, EAJko Josu Ortuondorekin etaEAko Mikel Irujorekin.
Flandesko Legebiltzarrean, berriz, CD&V alderdiko buruzagiekin batzartzeko parada izan dute. Era berean, Flandesko giza eskubideen arloan aritzen diren zenbait erakunderekin ere harremanak izan dituzte.
Arratsaldean, Friendship taldeko kideekin berriro bilera egin dute; Martxelo Otamendi —BERRIAko zuzendaria— eta Leire Gallastegi torturatuek, hain zuzen. Biok esan dutenez, Friendship taldeko kideak, beste parlamentariak bezala, "harrituta" geratu dira tortura azalpenekin, "eta gai honekiko kontzientzia duten parlamentarien artean zerbait egin behar dela adierazi dute".
Gaur arratsaldean bilkura gehiago eduki dituzte: estoniar torturatu batzuekin, Hegoameriketako torturatuekin...
Torturatuak Babesteko Nazioarteko Eguna
Espainiak torturatu egiten duela salatu du Bruselan Euskal Herriko ordezkaritza batek
60 lagunetik gora joan dira, TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideak eta torturaren biktima izan diren pertsonak. Hainbat bilera egin dituzte Europako Parlamentuko eta Flandesko Legebiltzarreko ordezkariekin, eta elkarretaratzea egin dute. Parlamentariak "harrituta" geratu dira tortura azalpenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu