Kriminologia Institutuak Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren enkarguz eginiko txosten baten arabera, GAL eta Batallon Vasco Español talde armatuen zenbait biktimari kalte-ordainak emateari utzi dio Espainiako Barne Ministerioak, argudiatuta "ETAren inguruarekin" lotura zutela biktima horiek.
BERRIAri baieztatu dionez, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza duela urtebete inguru hasi zen izaten hainbat senidek kalte-ordainak jasotzeari utzi izanaren berri. Agiri horretan, institutuak auzitan jarri du Espainiako Gobernuak darabilen argudioa. Barne Ministerioaren jarrerak oinarri juridikorik ez duela eta "prebarikazio administratibotik gertu" dagoela uste dute txostenaren egileek.
Biktimen Espainiako 2011ko legearen arabera, Espainiako Gobernuak ordaindu behar dizkie kalte-ordainak indarkeriaren biktimei. 2012 amaieran, ordea, legea aldatu zuen Madrilek, biktimei kalte-ordainak pagatzerakoan zenbait baldintza jarriz.
Epai irmorik ez
Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenari helduz aldatu zuen legea PPk. Hitzarmen horren zortzigarren artikuluaren arabera, kalte-ordainak murriztu edo ken daitezke biktimak edo kalte-ordainaren eskatzaileak indarkeria delituak egin baditu edo horiek egiten dituen erakunde batean parte hartzen badu. Hori egiaztatuta dagoen kasuetan, biktimen senideek ez dute kalte-ordainik jasotzen. Halakorik frogatuta ez dagoen kasu ugari ditu aztergai txostenak.
Agiriaren arabera, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txosten ugaritan oinarritzen da Barne Ministerioa biktima horiek "ETAren inguruarekin" nahasteko eta, hala, kalte-ordainak kentzeko. Soilik polizia txostenetan oinarrituta biktimen senideen kontrako epai irmorik ez dagoela ohartarazi dute txostenean; hain zuzen, uste dute errugabetasun presuntzioa urratu zaiela.
Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera igorri du txostena, eta kaltetuek erabaki behar dute orain zein neurri hartu.
PSOEren argudio bera
Espainiako Gobernuak orain erabilitako argudio bera erabili zuen PSOEren gobernuak 2008an, frankismoaren biktima ugariri kalte-ordainak murriztu edo ukatzeko. 2007an, Memoria Historikoaren Legearen bidez, 1968 eta 1977 arteko biktimei kalte-ordainak pagatzea onartu zuen gobernuak, baina, 2008an onartutako dekretu baten bidez, ordain horiek mugatu egin zituen "talde armatuetako kide" izan zirenen kasuan.
Kasu horretan, Espainiako Gobernuak sententzia irmoak baliatu zituen banaketa hori egiteko, frankismo garaiko ebazpenak ontzat joz. Iaz, Poliziaren indarkeriaren biktimen aitorpenerako eta erreparaziorako bitarteko gehiago jartzeko eta jardun eremuak zabaltzeko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzako Sufrimendu Bidegabeen Balorazio Batzordeak.