Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak adierazi du Espainiako Gobernuak eskura dituen «baliabide diplomatiko, judizial eta polizial guztiak» erabiliko dituela
euskal iheslari politikoak eta atzerrian ETArekin harremana duten pertsona «guztiak» epaitu ditzaten. Horren harira, Hugo Chavez Venezuelako gobernuburuari eskatu dio Arturo Cubillasen estradizio eskaeraren inguruan «behin betiko erantzuna» emateko.
Modu horretan mintzatu da Moratinos, Gustavo de Aristegi PPko diputatuak Espainiako Kongresuan eginiko galderari erantzuteko orduan. Aristegik ziurtzat eman du Venezuelako Gobernuaren eta ETAren arteko lotura, eta azalpenak eskatu dizkio Moratinosi. «Arturo Cubillasek Venezuelako Gobernuarentzat egiten du lan. Beraz, Chavezen informazio zerbitzuek jakin behar dute zer harreman duen Cubillasek ETArekin».
PPko diputatuaren arabera, Espainiako Gobernuak apal jokatu du Venezuelako Gobernuaren «probokazioen» inguruan, eta, besteak beste, Venezuelako enbaxadorearen agerraldia eskatu du.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Cubillasen atxiloketa agindu zuen martxoan, ETA eta Kolonbiako FARC taldeen arteko lotura ikertzen ari diren auzi bat dela medio. Venezuelako Gobernuak, baina, ez zuen eskari hori aintzat hartu. Orain, Cubillas berriro estutzeari ekin dio Espainiako Gobernuak, duela bi aste atxilotutako Xabier Atristain eta Juan Carlos Besanceren ustezko polizia aitorpenetan oinarrituta. Epaileak espetxeratze autoan idatzi zuenez, 2008an biak Venezuelan izan ziren armak erabiltzeko ikastaroa jasotzen eta ikastaro hori Cubillas Venezuelako Gobernuko funtzionarioak eman ziela dio. Atristain eta Besance Guardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta egon ziren egunetan «tortura latzak» jasan zituztela jakinarazi zieten euren abokatuei eta Venezuelako enbaxadoreak auzitan jarri zuen haiei polizia etxean emandako tratua.
Horiek hala, Cubillasen abokatuak ustezko etakideek torturapean deklaratu ote zuten ikertu dezan eskatu zio herenegun Venezuelako Fiskaltzari. Era berean, bere burua «babesgabe» ikusten duela argudiatu du Cubillasek, eta gertaeren inguruko ikerketa hasteko eskatu du. Eskaera aintzat hartu, eta ikerketa abiatuko duela jakinarazi du Venezuelako Fiskaltzak.
Marino Alvarado Cubillasen abokatuak iritzi artikulu batean salatu duenez, Cubillasen aurkako jazarpen poliziala ez da berria. Alvaradoren arabera, euskal iheslari politikoen auzia «garaikur politiko gisa erabili» nahi du Espainiako Estatuak.
Venezuelan epaitu
Angel Juanes Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidenteak ere Venezuelako Gobernuari eskatu dio Cubillas «estraditatzeko edo epaitzeko». Cubillasek Venezuelako naziotasuna izateak estradizio prozesua zaildu dezakeela aitortu du Juanesek.
Espainiak Venezuelari erabaki irmoa eskatu dio Cubillasi buruz
Cubillasen abokatuak dio euskal iheslarien auzia «garaikur politiko gisa» erabili nahi duela Espainiako Estatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu