Politika

Espainiako Auzitegi Gorenak absolbitu egin du Hernaniko alkatea

2008ko urtarrileko ekitaldi batean Igor Portu eta Mattin Sarasolarentzat txaloak eskatu zituen, ETAko kide zirelakoan atxilotu eta bietako bat tratu txarren ondorioz erietxean zegoelako. Aipamen hori egin zuelako "terrorismoa goratzeagatik" zigortu zuen Marian Beitialarrangoitia Auzitegi Nazionalak, eta orain Gorenak errugabetu egin du, "maitasuna" adieraztera mugatu zela iritzita.

2010eko martxoaren 18a
13:16
Entzun
Urtebeteko espetxera eta zazpi urteko inhabilitaziora zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea, ezker abertzaleak 2008ko urtarrilean Iruñeko Anaitasuna aretoan egin zuen ekitaldi batean Igor Portu eta Mattin Sarasolarentzat txaloak eskatu zituelako, eta bi atxilotuei maitasun adierazpena egin zielako. Izan ere, Beitialarrangoitiak "terrorismoa goratu" zuela iritzi zion Auzitegi Nazionalak.

Defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen, eta zigor hori baliogabetzea eta Hernaniko alkatea absolbitzea erabaki du epaitegi horrek. Joaquin Gimenezek -bera da ponentea-, Julian Sanchez Melgar, Juan Ramon Berdugo, Luciano Varela etaJose Antonio Martin Pallin epaileek osatu dute epaimahaia, eta Sanchez Melgarren kontrako boto partikularra eman du.

Gorenaren iduriko, bi atxilotuak torturatuak izan zirelakoan "maitasuna" adieraztera mugatu zen Hernaniko alkatearen adierazpena, eta ez zuen "terrorismoa goratu".

ETAko kide zirelakoan atxilotu ostean Igor Portu erietxera eraman behar izan zuten jasotako tratu txarrengatik. Mattin Sarasolak ere torturak salatu zituen. Hain zuzen ere, salaketa hori aurrera egiten ari da epaitegietan eta lau guardia zibil daude auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.