Iñigo Iruin abokatuak iazko uztailean BERRIAn zioen Frantziako Estatuan espetxe zigorra bete izan duten euskal preso batzuek Espainiakoan ere bete ohi dutela eta, Europako 2008/675 arauaren arabera, ez litzatekeela halakorik gertatu beharko. "Espanian jasotako kondenaren ondorioz bete beharreko urteen kontabilitatean, ez dituzte Frantzian betetako urteak kontuan hartzen. Europako arau hori bete behar da, eta eragina eduki beharko luke 80-100 bat presok bete beharreko urteen kopuruetan; kasu batzuetan, berehala kaleratzea eraginez", adierazi zuen Iruinek.
Abokatuak BERRIAko elkarrizketa hartan esan zuen auzitegietan halako auziak planteatzen hasi beharra zutela, "presioa" eginez, "Espainiako Gobernua atzeratzen ari delako arau horren transposizioa. Frantzian 2010eko uztailetik ari dira betetzen arau hori".
Orain jakin da Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari agindu diola berriro azter dezala kasu horretaz Jose Luis Urrusolo Sistiaga euskal presoak jarritako helegitea. ETAko kidetzat jota, Urrusolo Sistiaga sei urtez egon zen Frantziako espetxeetan, Espainiaratu egin zuten ondoren, kartzela zigorra jaso zuen, eta presoak eskatu zuen Espainiako Justiziak kontuan har ditzala sei urte haiek, bi kondenetako zioek zerikusia dutelakoan. Auzitegi Nazionalak baztertu egin zuen eskaera; berriro aztertu beharko du orain, Gorenaren aginduz.
Gorenak aitortu du Espainiako Justizian oraindik ez dagoela ezarrita Europako 2008/675 araua —2008ko uztailaren 28koa da—, eta esan du Espainiak araua betetzeko neurriak hartu beharko dituela, Europako Batasuneko kide dela eta.
Gaur egun, Zaballako kartzelan (Araba) dago Urrusolo Sistiaga. 499 urteko zigorra jarri zioten, hamasei hilketa eta bi bahiketa egitea leporatuta.